Sua Enparantza dantzari eta aktorearekin solasaldia antolatu dute Mendaron barikurako

Barren 2024ko api. 30a, 11:28

Herriko haur eta gazteei erreferente euskaldunak gerturatzeko proiektua hasi dute In Leike kultur elkarteak eta Mendaroko Udalak, eta horren barruan, Sua Enparantza dantzari eta aktorea (Donostia, 2003) ekarriko dute barikuan herrira. 

Mendaroko euskaltzaleak ere kezkatuta daude, gero eta euskara gutxiago entzuten dutelako kalean, eta horren kontra egiteko, gazteei erreferente euskaldunak gerturatzeko programa jarri dute martxan In Leike kultur elkarteak eta Mendaroko Udalak elkarlanean.

Programa horren baitan, Aitziber Garmendia aktorea ekarri zuten apirilaren 15ean herrira, eta barikurako, maiatzaren 3rako, Sua Enparantza dantzari eta aktorea lotu dute.  Antzerkigintzaz, dantzaz, musikaz,  euskaraz eta beste hainbat kontuz arituko da Enparantza, Ainara Argoitia kazetariaren galderei erantzunez. Udaletxeko udalbatza aretoan izango da saioa, 18:00etan. Antolatzaileek aurreratu dute haurrek eta nerabeek lehentasuna izango dutela aretoan sartzeko, propio haientzako sortutako egitasmoa delako.