M-8 2024

Elkarren ondoan, baina, sarri, elkarrengandik urruti bizi diren kulturak gerturatzeko azoka egin dute Mendaron

Barren 2024ko mar. 9a, 20:15

Mendaroko kultura aniztasuna erakusteko azoka antolatu du  askotariko emakumeek osatutako Diversas taldeak, Mendaroko Udalaren laguntzarekin. Estreinako aldia izan da gaurkoa eta ikusmina sortu du azokak. 

Frontoian egin dute azoka. Ukrainako, Boliviako, Nikaraguako, Mendebaldeko Saharako, Marokoko eta Leongo (Espainia) produktuak, arropa eta bestelako apaingarriak erakutsi dituzte han-hemengo emakumeek, eta Mendaroko kulturaniztasuna erakusteko panelak ere jarri dituzte ikusgai. Ukrainako postuan apaingarriak egiteko tailerra ere sortu dute, eta eguerdian, Alarma Morea taldekoek kontzertua eman dute.

Antolatzaileak gustura ziren sortutako giroarekin, eta gaurkoak bide berean lanean jarraitzeko indarra eta ilusioa eman diela nabarmendu dute. Eta Kilimon elkartean elkarrekin bazkalduz eman diote azkena gaurko egunari.