Prestaketa lanetan

In the footsteps of basque whalers in Newfoundland and Labrador.06/2017. Hala dio New York-en enpresa duten Arizmendi aita-semeek txango honetarako prestatu zuten pin-aren irakurgaiak, marrazki apropos baten biran.

Hala ibili gara astebetez, programa trinko, serio eta, aldi berean, ludiko baten doinuan eta erritmoan dantzatu eta kantatuz. Gozamen hutsa izan da, behelainoak edo eguraldi foggyak zenbait egunetan bazterrak ondo ikusten laga ez badigu ere. Bakailaotan 1950ean handik ibilitako anaiak eta han ibilitako beste batzuek esan zidatena egiaztatu ahal izan genuen horrela: udaldian, nahiz eta hotzak hainbestean erasan gabe, askotan izaten dira han Zumaian taosa eta beste leku batzuetan behelainoa edo sarrazoia deitzen duten erako giro lainotsuak. Irudimenezko paisaiak betetzen zuen horrelakoetan gure paisaia berezien gosea.
    Ez dut ezer asmatu beharrik. Aski da, ikusi, entzun eta imajinatutakoaren berri laua ematea eta hori ederra da partekatu nahi duenarentzat. Hartutako apunteak errepasatu, argazkien testuingurua azaldu eta, ezer ahaztuz gero, buruari hazka egin eta gogora ekarri. Lan atsegina da niretzat eta hala izango ahal da irakurri nahi dutenentzat ere! Euskaraz idaztea da berez ateratzen zaidana, bai errazago egiten zaidalako eta bai hizkuntza gutxituek merezi duten errespetuagatik ere. Jende gehiagok irakurtzeari baino garrantzia handiagoa ematen diot geure adierazbideari behar duen tornuia emateari.
    Albaola proiektuaren barruan, 2006an Quebec-etik Red Bay-ra Beothuk txalupan 40 egunetan 2 mila km. inguru arraunean egin zutenen arteko batek, Apaizak hobeto liburuan bidaia horren berri eman zuen Jon Maiak esanda, jakin nuen Arizmenditarrak Albaolan egon zirela eta hantxe sortu zela txango hori eskaintzeko lehen ideia. Beraz, biraren ardatzetako bat Red Bay-n hondoratuta dagoen San Joan galeoia izango zen.
    Ikusia genuen gure portuetan, 2005 edo 2006an, San Joan galeoiaren ondoan hondaturik aurkitutako txalupetako baten errepika, Pasaian egina. Jarraitu ere egin genituen haren ibilerak, XV. mendean bezalako jazkeraz eta horniduraz egin zuten ibilaldiaren xehetasunak, gero J. Maiak Apaizak hobeto liburuan luze eta zabal emango zituenak. Joan ere egin ginen Albaolako museo hori bisitatu eta San Joan galeoiaren errepikaren eraikuntzan nola ari ziren ikustera eta azalpen teknikoak entzutera.
    Emazteak eman zuen hurrengo urratsa. Berria egunkariaren ale bereziak sagardotegien berri ematen zuen eta hantxe zetorren albistea: Astarbe sagardotegiak “baleazaleen ildotik Ternuari bira” berezi batean hartuko zuela parte eta hurrengo ekainean izango zela txangoa. –  Ni ez naiz joango, baina zu apuntatu zaitez- esan zidan.
Bazekien Kanadako ekialdea ezagutzeko gogoz geratu nintzela anaia gaztea bisitatu eta bueltan Montreal eta Québec city-raino iritsi ginenean. Ternuan bakailaotan ibilitako anaia zaharrago batek kontatuak nituen gogoan eta noizbait hara joateko itxaropena.
Astarberi deitu, hark Arizmendiren helbidea eman eta gainontzekoa berez etorri da.
2017 07 13 angel ugarteburu bidaia ibilbidea mapa

    Bidaia egitea erabaki ondoren hasi nituen prestaketa lanak. Pardelak bezperan preparatzen dira, baina ikusi eta entzungo dituzunek ere behar dute euren apalategi prestatua. Horretantxe saiatu nintzen Gabonetatik aurrera. Ciriquiain, Belanger, Bontigi, Azpiazu, Maia eta beste batzuek idatzitako liburu eta artikuluak irakurri eta hausnartzen hasi nintzen; baita laburpenak egin eta haietako edukiak hezurmamitzen ere. Albaolara ere bueltatu nintzen lagun batekin; oraingo honetan, lehen baino jakinmin handiagoz. Belaki baten antzera, ahal nuen guztia xurgatzeko asmoz. Apalategiak prestatzea zen kontua, gero ikusten eta entzuten nuen guztia haietan kokatzeko. Alde handia dago, egon ere, ikustetik begiratzera eta entzutetik zeureganatzera. Pasaiako Albaola berrikusi ondoren, beste aldeko San Joan-era pasatu eta han Pysbe enpresa kokatua zegoeneko kaian ibili nintzen galdezka, egoitza zaharren bat aurkituko nuelakoan. Hantxe dago, bai, eraikin trinko bat (casa Arizabalo izandakoa), gaur egun lau auzoen (San Joan, San Pedro, Antxo eta Trintxerpe) udaletxea dena. Han omen zeuden, garai batean, Pysbe enpresaren bulegoak. Zirrara eragin zidan pentsatzeak bulego haietan jasoko zuela 1950 aldera (ez nago ziur dataz) bere soldata Ternuatik bueltan Matias nire anaia  zenak. Euskonews.com-en Virgina Lopezek idatzitako artikulu batetik jaso ditut konpainia horren nondik norakoak aipatzen dituen jakingarri asko.
    Hark idatzitako artikuluari esker, badakit 1926 sortu zutela enpresa hori eta lehen akzionarietako bat Alfontso XIII.a erregea izan zela. Bou izenez, ezagun egin ziren gure gerra zibilean  bakailaotan erabiltzen zituzten altzairuzko ontzi horiek. Tonelaje handiko baporezko ontziok aukera ederra izan zuten bakailaoaren negozioan, 1974ra arte iraun zuen konpainiari, konpetentziaren teknika hobeei aurre egin ezinik porrota eta itxi beharra gertatu zitzaion artean. Apenas utzi zuten dokumenturik eta partaideen zerrendarik etaTernuako kanpainetan izandako arazo, arrakasta zein porroten berririk gabe geratu gara. Oraindik bizirik dauden batzuengandik jasotakoak ematen digu, hala ere, ideia bat.
    XV, XVI eta XVII. mendeetan euskal baleazale eta bakailaozaleak izan ziren euren lanean maisu eta irakasle. XX. mendean, ostera, kanpotar maisuak ontziratu ziren eta haiek izan zituzten irakasle, bertokoek lanbidea ikasi artean. Gaur egun ere praktikatzen den arren, oso eztabaidatua den arrastreko teknika zerabilten. Ontziaren atzeko atea ireki, handik sarea bota eta sarean jasotzen zen guztia zen ona. Teknika horrek arrantzaren geroa arriskuan jartzen duenik kontuan hartu gabe. Gurekin bidaia egin duen Hondarribiko Antonio Arozenari eta haren semeari esker jakin ditut Pysberen porrotaren ondoren zertan eta nola jardun zuten bakailaozaleek. Antonio Arozena hori kontramaisu izana da urte askotan, Pysbe itxi eta gerora, eta jakingarriak dira hark esanak. Geroago helduko diogu, berriz ere, gai honi.

 

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)