Zorabioak joan dira. Chateau Bay-ko lasaitasunak, hango baso artikoaren usainak neure onera ekarri naute. Beste asko ere bai. Manu Izagirrek eman zizkigun, ingelera ondo menderatzen ez genuenoi, San Joan galeoiaren aurkikuntzaren xehetasun teknikoak eta anekdotak, gaztelaniaz.

Askotan entzundakoak, bai Albaolan eta bai beste idatzietan, baina partaide izan den batek erantsi ohi dion freskotasun eta indarrez. Ordu berean zuen bere jarduna Robert Grenier-ek ere. Ingeleraz honek. Gure Robert ere zorabioak ikutua, nonbait, lehen egunetan, eta hurrengo egunera atzeratu dute bere hitzaldia. Harena ere oso-osorik entzun nuen. Ulertu ere ia dena, aurreko egunean Manuk emandakoa baitzen haria. Xehetasunetan sartuz gero, ziurrenik ur handietan sartuko nintzateke eta ito. Beraz, bitxikeriekin konformatu beharko duzue eta liburu teknikoetara jo.

angel ugarteburu 7kapitulua manu

- Selma Huxley andereak altxatu zuen usoa, (1974) Oñatiko artxibategietan San Joan galeoiaren hondorapenaren berri aurkitu zuenean. Adin handia izanda ere, oraindik etortzen omen da Selma Euskal Herrira eta haren semea, Michael Barkham, irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean.
     Kokapena zehatz samarra zen: Red Bay herritxoaren aurrean. Marinelak salbatu egin ziren eta lehorretik hurbil behar zuen. Ur azalean geratu ziren upel batzuk berreskuratu egin zituzten eta beste ontzian zamatuz Euskal Herrira itzuli. Marinelei, baina, tokamena ordaindu ez, hondamendiaren aitzakian eta hauek salaketa jarri. Epai-bidetik lortu zen, beraz, gertaera idatzita geratzea eta ondorengo ikerketa guztia.    Selmak Québec-eko arkeologia taldeari eman zion horren berri eta hauek, Robert Grenier buru zutela, lanari ekin zioten, Kanadako gobernuaren laguntzarekin. Bale-hezur ugari aurkitu zituzten euskal marinelak ibilitako lekuotan. Baita teilak ere. Saddle island-en haietako pila bat. Kanpotik ekarritako teilak ziren, han ez baitzen horrelako materialik erabiltzen. Egurra da klima hartarako egokiena, ordezkatu eta konpontzeko bera baita egokiena eta eskuragarriena. Red Bay aurrean, hurbil dago Saddle island hori. Bertan aurkitu zuten jantzi eta guzti lurperatutako arrantzale talde baten hilobia ere. Asko ziren, izan ere, kanpaina haietan hil eta bertan geratzen ziren gorpuak. Soineko horiek orduko marinelen jazkeraren berri jakingarria ematen zuten, bestalde.

- Badia osoa arakatu zuten, baina, batez ere, Red Bay herriaren aurrean, Saddle island zegoen alde hori arreta bereziz. Aztergunea koadrikulatu eta, orduko teknikak erabilita, barneratu ziren ur hotz haietan. Ordurako petrolioz egindako jantzi bereziak erabil zitezkeen. Bi kapa zituen jantzian, plataformatik ur beroa sartzen zuten tutu bidez eta era horretara posible zuten denbora gehiagoz urpean irautea. Iceberg-ak eramandako harriz eta hondakinez zapaldua eta ezkutatua zegoen egurrezko ontzia ukitu zuten, halako batean, geruza heterogeneoa kostata baztertu ondoren (1978) Hondakin interesgarriren bat aurkitzen zutenean, soka eta kanpaitxo batzuen sistemaren bidez jakinarazten zuten, sokatxoari tira eginda. Ontziaren gilaren zati bat aurkitzea ere erabakigarria gertatu zen. Euskal ontzigileek uretan alferrik galtzen ez den pagoa erabili ohi zuten, pieza bakarra, enborra hustuta.
    Urpekariek interes bereziko puntuetan buiak jartzen zituzten. Ondoren marrazkilariak eta moldeatzaileak sartu ziren euren lanak egitera. Hala, pazientzia handiko lanetan zihardutela aurkitu zituzten, ikustaldi batean, Kanadako kultur saileko arduradunek (Canada parks) eta hango martxa arrakastatsua eta hango grina ikusita, erraz lortu zuten lanean jarraitzeko behar zuten laguntza, dirua zein logistika.
- Urteetan iceberg-ek eraginiko zanpaketa eta herrestako gaiek osatutako geruza, traba handiak ziren haritzezko galeoiaren osotasunaz jabetzeko, baina berunezko daratuluak erabiliz eta hondakinak katu bereziekin jasota, bideoa egin zuten eta argazkiak atera. 1565ean hondoratu zen Labrador-eko badia honetan, bi urte lehenago (1563an) Pasaian egindako galeoia eta 1978an berreskuratu. 400 urte geroago. Lan zehatza eta eskerga, UNESCO-k saio horren emaitza munduko kultur ondare izendatzeraino. Eskerrak Canadan hondoratu zen galeoi hori. Bestela ezinezko izango zen halako lana burutzea- diote adituek. Laguntasun handia izan zutela, alegia. Espainiak ezingo zuen lan hori egin, ez politikoki ez konzeptualki. Hitz horiek erabili zituzten.

angel ugarteburu grenierregaz 7kap- Ur hotzak berak (-3tik +2ra arteko tenperatura) eragotzi du haritz eta pago egurrak usteltzea. 5000 pieza ingurutan ontzi desmontatu eta marrazkilari zein moldeatzaileek lanak burutu ondoren, berriro itsas-zola zulatu eta bertan estibatu zituzten atal guztiak. Gero, area eta harriak gaineratu ondoren, iceberg-en eraginetik babestuko zuen estalki bat jarri zioten gainean. Hantxe dago San Joan galeoia eta haren azpian aurkitu zituzten bi txalupak ere. Hauen erreplikak eginak daude. Halakoa izan zen apaizac obeto ibilaldian erabili zutena. Galeioaren erreplika egiten dihardute orain Albaolan, 2020an amaitzekotan edo.

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du
  11. Sartu gara ontzian
  12. Zientzia eta sagardoa
  13. Zodiac-etan lehorrerantz
  14. Chateau Bay

 

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)