Placentia leku atsegina da

Izenari ohore egiten dio gaur egun Placentia, Plaisance frantsesen menpeko zenean eta euskaldunek sortu zutenean PlacenÇaco portua zenak, Detxeberriren liburuan ageri denez. Gaurkoa da St. John´s harbour-era iritsi aurreko azken portua. Hemen ere ez dugu gomazko boten beharrik, baina gure ontziak herritik urruti samar laga gaitu.

angel ugarteburu ternua 11 plasencia kanadar polizia

Gaur ekintza berezia dugu Placentiako Arts Centre delakoan. Plentziako agintariak omen datoz, Bizkaiko herriaren eta Ternukoaren arteko anaitasun edo elkarkidetzea ospatzeko. Ekintza ofiziala, agintari eta guzti. Plentziako udalak alkatea eta zinegotziren bat bidali du ekintzara eta Ternuako agintariak ere han izan dira.
St. John-eko badiak Pasaiakoaren itxura badu, honek ere badu Plentziakoaren tankera eta ez da harritzekoa herri hartako marinelek izen hori jartzea. Badia barruko irla batean zegoen, egotez, herritxoa, baina itsasontzi batek hondoa jo eta bertan luzaro egon ondoren, hondarra pilatuz joan zen ontziaren ondoan, hain urruti ez zegoen lurrarekin bat egiteraino. Horrela, irla, penintsula bihurtu zen. Elizaren ondoan dago Arts Centre eta udaletxea biltzen dituen eraikin baxua eta modernoa. Hantxe da izatekoa ekintza ofiziala eta bertara hurbildu gara. Jendez lepo dago areto eder eta handi samarra. Musika talde batek bere doinu ederrez hartu gaitu eta hala jardun dute ekitaldiaren sarreran, jendeak lekua hartu duen artean. Herritarrak interesatu diren seinale aretoa bete izana. Zutik ere asko.

angel ugarteburu ternua 11 plasencia aurreskua

Sinpatiaz eta adeitsu hartu gaituzte. Ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz eman dituzte ekintzaren xehetasunak. Aurreskuaren doinua pianoz jo du, hemen musika ikasketak osatzen diharduen Aimar Odriozola, Ibarrako gazteak. Bera izan da euskarazko bertsioen arduradun ere. Bi herrien arteko anaikidetzearen pregoia irakurri dute ondoren eta gero Astarbe gaztea, gure dantzaria, eta Xabier Solano, gure trikitilaria igo dira eskenategira eta aurreskua berriz ere, baina oraingoan soinuz eta dantzaz. Txalo zaparradak eman dio bukaera ekintza hunkigarriari.

angel ugarteburu ternua 11 plasencia anaikidetza agiria  Hangoa bukatuta, museo interesgarria dugu zain. Euskal marinelak hobiratuak dauden kanposantu bat bada han, baina, lehen katolikoa zen gunea orain anglikanoa izanda, handik museora eraman dituzte lapidak edo oroitarriak. Pirata ospetsu batena ere bai artean : Joannes suigaraichipi. Baionan jaioa eta Frantziako erregearen alde borrokatu zuena pirata baimenarekin. « Erregearen fragatako kapitain » izan zela ageri da oroitarrian.
    Ez pentsa euskal marinelek beti zintzo-zintzo ibili zirenik itsasoetan barna. Beste herrietakoek bezala, itsas-lapurretara jo beharra izan zuten eta, otoitz, meza eta errosario santuek uzten zieten tarteetan lapurretan ere egiten zuten. Batez ere XVII mendetik aurrera, eurek ere askotan izan baitziren beste erreinu batzuetako piraten jomuga eta biktima.
    Gai horietan oso interesatua den koinatuak gogorarazi dit garai batean Donostian lapurretarako apropos armatutako itsasontzi asko zegoela. Baita beste portu batzuetan ere. Bizi-iraupenak eskatzen zuen langintzak ziren, errege zein aita sainduen bedeinkapen guztiekin.
Suigaraichipi hori oso ospetsua izan omen zen, berea baino indartsuago eta handiago ziren fragatei aurre egin eta gainditu ere egin zituelako. Trebea gure kortsarioa.
Interneten izango du, hala nahi duenak, horretaz nahikoa informazio.

angel ugarteburu ternua 11 plasencia le coursic  Honako idazki hau du azpiko aldean « The headstone of Captain Joannes de Suigaraichipi, a Basque privateer, was among those discovered in the cemetery of St. Luke´s Anglikan church. Centuries ago, this was the location of a Roman Catholic cemetery. In 1694, Suigaraichipi was among other privateers assited the French Crown in their conflict with England during the Nine Years´War. He was mortally wounded during an attack on Ferryland. His ship returned to Plaisance where he was buried alongside his fellow Basque countrymen”
    Dokumentu gehienetan baionar pirata honen izena Suhigaraichipi idazten bada ere, nik, oroitarrian bertan, Suigaraichipi irakurri dut; baita azpian ingelesez dagoen idatzian ere. Pirata txikia gaitzizena eman ziotenez, baliteke bere deitura “zu(b)igarai” izatea eta txipi hori,  gorputzaren tamaina adierazten duen adjetibo soila.

    Beste oroitarri batzuk ere ikus daitezke, euskaraz idatziak.

    Arretagarria da, halaber, Domingo de Luca hodarribiar storekeeper-a ( horniduraren arduraduna?) gaixotu egin zela Placentiara heldu eta laster. Bertan eman zuen testamentua Joan de Blancaflor izkribauaren aurrean. Hantxe dago testamentu horren kopia ere. Esaten denez: “The will is the earliest original civil document written in Canada”
    Placentian egin dugun egonaldi trinko hau burutzeko, autobusez eraman gaituzte herria goitik ikusteko aukera ematen duen menditxo baten gainera. Ederra ikuspegia. Sasoi batean gerrarako ondo prestatu zutela erakusten du Vauban frantziar arkitekto ospetsuak egindako harresi eta gotorlekuak. Herriaren ikuspegi ederra han goitik. Plazer bat izan da, Placentia!

angel ugarteburu ternua 11 plasencia badia herria

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du
  11. Sartu gara ontzian
  12. Zientzia eta sagardoa
  13. Zodiac-etan lehorrerantz
  14. Chateau Bay
  15. Barruko lana
  16. Red Bay
  17. Txotx! Afaldu eta lo. 'It´s foggy'
  18. Saint Pierre et Miquelon

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)