Kontramaisuaren azalpenak

Bidaia berezi hau zientziaz jantzi dutenek jakin dute txotx! entzundakoan barrikaren ondora hurbildu eta sagardoaz gozatzen. Baita dantza eta pasakaleetan parte hartzen ere. 

Agurtu nueneko lehen egunean, hotelean, esan zidan Grenier-ek bera euskaldun sentitzen zela. Gurasoak Cauterets aldean sortuak izanda, Pirinetarra dela eta euskaldunekin lotua, beraz. Manu, donostiarra izanda, bere saltsan ibili da, baita Iraitz Agirre arrasatearraren laguna den Latonia doktorea ere. Jakituna izateaz aparte, euskalzalea ere bada eta euskaraz kantatu dizkigu zenbait abesti, Iraitzekin batera. Pena da ez dudala saioaren argazki egokirik aurkitu.
    TVE3-ko erreportariek, bidaia honen berri izan eta etorri egin dira eta hainbat grabaketa egin dute. Grenier eta Izagirreren elkarrizketak lehenik, noski. Antolatzaileen hitzak ere bai eta gero, Ternuako bakailao arrantzan protagonista izandako bat gure artean dagoela jakin dutenean, haren atzetik ibili dira, sarritan. Antonio Arozena bere seme Jon Andonirekin etorri da, aurreratu dudanez. Datorren udaberrian emango omen dute, dokumentu gisa. Ia ikusteko aukerarik dugun!
     Urte askoan (20ren bat) bakailaotan ibilia da Antonio eta ez nolanahiko karguan; kontramaisua izan zen 70eko hamarkadatik aurrera eta badaki zerbait gaiaz. Han gaudenen artean, askok izan dugu anaiaren bat edo ezagunen bat arrantza lanetan, baina beste kontu bat da halako karguan hainbeste urtetan jarduna izatea.
    Pena dut ez nuela berarekin astiroago hitz egin. Frankfurt-etik Bilbora bidean, eztarriak jada aire egokituaren eraginez urratuak genituela eta lo gutxi egin izanaren nekeak erasanda, elkarren ondoan egokitu ginela probestuz ekin genion solasari.
    “Pysbek porrot egin zuen edo, behintzat, ez zen errentagarri 1970etik aurrera. Ez zuen jarraipenik izan eta Hondarribiko patroi batzuk ekin zioten bakailao arrantzari Ternuan. Ni kontramaisu nintzen; 16 marinel nire esanetara eta ni patroiaren aginduetara. Ontziak binaka joaten ginen eta sareak zabal botatzen genituen arraina zegoela igarriz gero: - Arte al agua! Oihu egin eta herrestan eramaten genuen harik eta sarea bete samar zegoela igarri arte. Orduan,-a virar! deiari kasu eginez, arrainak ontziratzeari ekin. Kontuz ibili beharra zegoen, sareak pisu gehiegi izanez gero, ontzia desorekatzeko arriskua baitzegoen. Kasu horretan, salabardoarekin sarea arindu behar izaten genuen, pisua kentzeko. Bakailaoa jaso ondoren, mahaitxoen aurrean, batzuek sailkatu, besteek tripak eta burua kendu (zabaldu), hezurra kendu, gazitu eta azkenean multzatu. Prisaz egin beharreko lana zen. Ez zegoen lo hartzerik eta kafea hartu behar betazalei eusteko.
Kontramaisua izanda, agintzeaz aparte, neuk ere ahal nuen guztian lagundu behar izaten nuen lana pilatzen zelako edo hasi berriek oraindik ez zutelako euren lana ondo egiten.
Ez ginen, normalean, Pasaiatik ateratzen, ez Pasaiara bueltatzen. Coruñara eramaten gintuzten autobusetan, Ojeda enpresak han baitzeuzkan bere kontserba- guneak. Handik hurbilago zegoen Ternua eta merkeago ateratzen zitzaien gu etxeratzea eta ontziratzea autobusez egitea. St. Pierren porturatzen ginen askotan. Baita St. Jhon-en ere.
Patroi ona izateak asko balio zuen, hark zuelako arrantzaren ardura. Kapitanak ontziaren ardura zuen, baina, ikasia izan arren, arrantzarako patroiaren esperientzia eta senak gehiago balio zuen kapitainaren zientziak baino. Bitartean geunden kontramaisuok, lan-eragile eta egileok. Saladore edo gatzemaile ona izateak zeresan handia zuen kanpainaren arrakastan. Enpresariek “erreusa” baztertu egiten zuten. Gaizki egindako lanak soldata txikiagoa zuen ordainetan. Gatzemailea ona izanda, erreusa ere txikiagoa izaten zen. Patroiaren eta gainontzekoen ametsa gatzemaile edo “saladore” ona izatea zen.
    Antoniok askotan aipatzen omen zituen bere Ternuako ibilerak etxean eta haren seme Jon Andonik, bidaia honen aukera ikusita, animatu egin zuen. Patroi lanetan jardundako anaia, ostera, ez da animatu.
    Gogoan dut St. Pierren nola galdetzen zion semeak aitari: - Gogoan dituzu etxe hauek eta frontoi hau? - Aldatuta daude hemen gauzak. Etxe berri gehiago dago orain- erantzuten Antoniok.
    Antonio baino lehenago, 1950 inguruan handik ibilitako anaia izan dut gogoan nik ere. Behelainoa aipatzen zuen eta gu ere behelainoak hartu gaitu egun batzuetan.
    Aspaldikoak dira baleen kontuak; hurbilagokoak bakailao arrantzarenak. Izan ere, Ternua aipatzean balea eta bakailaoa, biak, dira kontuan hartu beharrekoak. Biek ere lan gogorra eskatu zieten euskal marinelei. Negoziorako aukera ere bai, ordea.

ugarteburu ternua 14 hondarribiarrak

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du
  11. Sartu gara ontzian
  12. Zientzia eta sagardoa
  13. Zodiac-etan lehorrerantz
  14. Chateau Bay
  15. Barruko lana
  16. Red Bay
  17. Txotx! Afaldu eta lo. 'It´s foggy'
  18. Saint Pierre et Miquelon
  19. Plasentia leku atsegina da
  20. Bidaideak
  21. Azken Portu

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)