Magíster/Magistra

Erretreta aspaldi hartu zuenak ere gogoan ditu iraileko hasierako egunak, nagikeriak nagikeri, ilusioz betetako proiektuz blai zeudenak.

Maisu, andereño, irakasle ginenok arretaz begiratzen genituen ikasle berri izango genituen haien zerrendak. Gure lehenengo ikasturteetan, batez ere. Deitura eta izen bakoitzaren atzean pertsona bat, nor berezi bat, besteengandik ezberdina, bakoitza bere guraso, familia, jatorri eta izaera zuena. Zer esan gaur eguneko aniztasunaz! Aberasgarri bezain kudeatzen eta bideratzen zaila.

Hitzek berez gorde ohi dute jatorrizko zentzua edo muina eta horietako bat maisu edo maistraren izena da: magister latinez. Gaur egun ere ez dute zeharo zentzu berdina maisu eta irakasle hitzek. Magis (más) eta minus (menos) . Magistik dator magister eta minustik minister.
Magister hori bera da ikasle bakoitzarekin harreman zuzenean hura hezi eta bideratzeko ardura duena; berak ezagutu behar du aurrean duen pertsona hori, bere xehetasun bereizgarriak barne, irakatsi beharrekoak lur onean erne daitezen. Hezkuntza proiektu eta programazioak ezin dira ezarri modu berean gela guztietan, eta gutxiago ikasle bakoitzaren ikasbide prozesuan. Horregatik da maisua edo maistra magister; irakasle soil baino gehiago, alegia.
Lurrera jausten den euriak ere ez du beti eragin eta probetxu bera izaten. Euria hartzeko prest dagoen lurrean errazago erneko dira ernemuinak eta fruituak. Maisuari eta maistrari dagokie euria datorrenerako lurra prestatu eta hazia ereitea. Ondo dakigu kolpera datorren euri jasak mesede baino kalte gehiago egin dezakeela lurra higatu eta basamortu bihurtuz. Hortxe dago maisu eta maistraren lana: zer irakatsi bezain garrantzitsua baita non, nori, noiz eta nola (goxotasuna barne) irakatsi.
Programazioak eskatzen duena,besterik gabe, guztiei modu berean euri jasaren antzera burutik behera botatzeak minister bihurtuko gintuzke. Badakigu, minister= minus=gutxiago. Inoren esanetara, goitik behera, prestatu gabeko lurrera euria bezala, ikaslearen beharrari baino areago bere erosotasunari men egiten dion jarduera. Ministerrak ez du pertsonaren ardurarik. Magisterrak, ostera, funtsezko gehigarri horixe dauka: pertsonak hezitzekoa.
Zaila da maisu edo maistra izatea. Are gehiago lan hori aintzat hartzen ez den gizarte batean. Dena den, argi eduki behar dugu benetako maisu eta maistrak ez dituen gizartea pobrea izango dela. Edukazio hitzak ere argi erakusten du maisu-maistren lanaren nondik norakoa. Ducere hitzak gidatu adierazten du. Leku batetik besterako bidea erakutsi eta eraman.
Luze jarduteko gaia da baina bego horretan gaurkoz.

2023 09 08 Anjel Ugarteburu magister