Oporren biharamuna

Aurten ere bai. Pirinioetan egon gara, etxean. Mendiko botak eta bizikleta eraman ditugu.

 
Larunbata, abuztuak 22: atera gara Elgoibartik, Frantziako Pirinioetara, Larunsera. Aubisque mendate mitikoak ikara ematen du arratsaldeko 17:30ean. Sargori dago, baina gogoak gain hartu dio nagiari, eta abiatu gara. 17 kilometro luze ditu Tourreko gain honek. Lehen kilometroetan giharrak berotzen saiatu nahi dugu, baina maldak ez du atsedenik ia, eta eraso egin behar izan diogu. Paraje ederra, 1.709 metrora. Gainaldean behe-lainoak estali ditu ia bizikleta erraldoiak, mendatearen amaierakoak. Hasi da gure oporraldia, bikain hasi gainera. Furgoneta hartu eta Gavarnie ingurura egin dugu, mendi usaina are nabarmenagoa da.

Igandea, abuztuak 23: mendi gose esnatu, eta 07:15ean oinez gara. Eguzkia gu baino geroago esnatu da gaur.

Gavarnieko zirkoa inoiz ikusi dudan paraje ederrenetakoa da. Cascora egingo dugu. Serradetseko aterpera iristean, orain 7 urte 8 egunez egin genuen mendi-zeharkaldiko bizipenak hartu nau. Handia eta ederra da inguru hau.
Rolandeko bretxari begira liluratuta geratu gara berriro. Atzean Vignemale handia, berezia eta ezberdina. Sarrioen bidera iristeko irrikaz gaude, katea baitago bertan, eta horrek nolabaiteko zailtasuna duela esan nahi du. Baina iritsi eta ez da horrenbesterako. Casco gainean euskaldun batekin egin dugu topo. Rolandeko bretxan egin omen du lo. Ikaragarria. Eta hizketaldiaren ostean beheraka abiatu gara. Zenbat mendizale, eta zenbat bisitari. Harrituta begiratu diegu jaioberriak aldean hartuta goraka doazen horiei. Mendizaleak dira? Ez dut uste, bestela ez zituzketen haur jaioberriak halako arriskuan jarriko. Mendiari errespetua zor zaio, gozamena eta arriskua eskutik baitaude hemen.
Astelehena, abuztuak 24: Saint Laryko mendi-etxean galdetu ostean, gaur Batouari (Culfreda, 3.034 m) ekitea erabaki dugu. 07:00etan abiatu gara, Rioumajou bailara ederrean barrena. Batoua ez da oso mendi ezaguna, baina bai ederra. Oso malda pikoa du, desnibel handia, eta ikuspegi paregabea. Cauarere sakanean gora, belardia ordubeteren buruan utzi dugu atzean, eta gainerako bide osoa harritsua da. Lepora iristerako, parez pare daukagu Batoua handia. Baina gezurtia da Batoua, eta gandorrean gora goazela ohartu gara gailurrera iristeko gogor lehiatu beharko dugula bide sigi-sagatsuan.

Mendi hautsia da, harri solteak han eta hemen dituena. Haizeak gogor jotzen du, eta zaila da orekari eustea. Baina gainak dena sendatzen du. Bachimala eta Poset ditugu urrunean.

Asteartea, abuztuak 25: Elgoibarren Txiki Eguna dela ohartu gara, baina egia esan, ozta-ozta. Bi egun egin ditugu mendian, eta gaur, "atseden" hartuko dugu. Ainsa herrian gosaldu ostean, lasai antzean igaro dugu eguna. Hala ere, arratsaldean, Benasque herrian Cerlerrera egin dugu bizikletan, hanketako erdoila kentzeko.

Gogorra da Cerler, lehen 8 kilometroetan batez ere. Aitari entzuna nion Espainiako Itzulian makina bat aldiz igaro direla hemendik txirrindulariak. Mendiak ditugu inguruan, eta bertan afaltzea jatetxerik onena da guretzat.

Asteazkena, abuztuak 26: Campó herrian Raftingean ibili gara gaur. Beldurtia naiz, ikaragarri, eta gure gidariaren txantxak nola hala eraman ditut. Esperientzia polita izan da.

Arratsaldean Renclusako aterpetxera igo gara (1.950 m), Vallibierna bailaran. 25 minutuko ibilbide erraza da, Besurtatik Renclusarakoa. Orain bai, orain mendi handien zirrara nabaritzen hasi gara.

Duela 8-9 urte etorri ginen Anetora aita, ahizpa eta hirurok. Ezinbestean etorri zait orduko guztia gogora.

Osteguna, abuztuak 27: 06:15ean oinez gara. Erromes-bidea dirudi honek. Elkarren segidan goaz guztiok, makina bat linternaren argipean. Inguruko mendien gandorrek marrazki bikainak egin dituzte gure inguruan. Anetorantz goaz.

Mahoma pasabideak ikaratuta nauka. Eguraldi bikaina daukagu, eta ondo bidean, ikuspegi paregabea izango dugu. Ataka nagusira iritsi garenerako argitu du. Baina glaziarrerainoko bidea ez da samurra. Ahaztua nuen harrespila ikaragarri hau. Bi ordu eta erdi dira atera garela. Kranpoiak oinetan, pioleta eskuan. Coronas leporantz hartu dugu. Handia da gero, Aneto.
Azken malda harritsuaren ostean, Mahoma pasoari ekin behar diogu. Eskerrak gidari aparta dudan. Dantzan eraman nau.

Pirinioak oinetan, gailurretan gailur da Aneto (3.404 m). Gainak eta gandorrak han hemen: Maladeta mendiak, Perdiguero, Poset... Malkoei ozta-ozta eutsi diegu.



Ostirala, abuztuak 28: Gaur loti gaude, atzokoaren biharamuna izango da. Irribarrez esnatu gara. Egun handia atzokoa, ezta? Mendi-dendan liburu bat erosi dugu, eta agur esan diogu Benasqueri. Frantziara bidean goaz berriro. Arratsaldean Peyresourde mendateari erasoko diogu, bizikletan. Euria ari du Bagneres de Luchonen, baina ez dio axola. 14 kilometroko mendatean, bizikleta bat, eta gure furgoneta baino ez.

Larunbata, abuztuak 29: Etxera bidean gara. Donostian bazkalduta, postrea furgonetan bertan.

Egin ditugu abuztuarekikoak. Zenbat oroitzapen bildu ditugun mendien gordailurako. Pozik gatoz etxera, berriro ere, laster, Pirinioetara itzultzeko.