Pare bat kontzertutan egona nintzen. Fabrika zahar handi bat ikusi nuen, kolorez eta ilusioz apaindua. Kukutzaren inguruan nork bere sentimendua izango du. Nik neure begiz zer ikusi nuen baino ez det azalduko.

 "Errekaldeberriz" auzo-elkarteak denbora luzea zeraman eraisteko proiektuaren aurka lanean. Albistea hedabideetako azaletara iritsi zenean egokitu zitzaidan berriz ere Kukutza bisitatzea. Kontzerturik ez oraingoan. Oraingoan, mikroa eskuan.

1706638076788 Kukutza

Harridura aurpegia ezin kenduta ibili nintzen. Bilboko alkateak jabetza pribatuaren alde erabaki arren, Kukutza bizirik egon zen azken unera arte. Bazkari herrikoia amaitu berri zuten ostiral hartan. Txoko batean, 10 bat haur ping-pongean jolasten. Ezkerrean, antzerki-talde bat emanaldi aurreko azken prestaketetan. Hau da bota nahi duten kulturgunea? Galdetu nion neure buruari.

 

 Manifestazioak izan ziren egun haietan. Eta garai bateko gudak etorri zitzaizkidan gogora. Gure kaleak sutan egoten zirenekoak. Polizia itsu-itsuan; haur, gazte, heldu eta zaharrei tiroka. Milaka lagunek eskatu zuten Kukutzari bizirik eusteko. Batzuetan gehiago, besteetan gutxiago... baina hedabideetan ere oihartzuna izan zuen berriak.

 Irailaren 23an arropa deserosoa neraman korrika egiteko. Errekaldera bidali ninduten, “zer gertatzen zen ikusi, eta hura kontatzeko”. Zelai beteko bataila aurkitu nuen, baina alde bakarrekoa.

 Poliziak hartua zuen erabat Errekalde. Hainbat argazki eta soinu iltzatu zitzaizkidan buru-bihotzetan. Buru-buruan daukat, oraintxe izango balitz moduan, polizia bat, pilota-jaurtigailua hartuta banku batera igota, tiroa “hobeto” jotzeko. Jende-oldea batera eta bestera korrika. Erosketak eskuan hartuta, aiton-amonak portaletan ikaratuta. Denda eta tabernek pertsianak jaitsi zituzten ezintasunez. Taberna batean babestu nintzen, baina polizia denera iristen zen. Auzoko anbulatorioetara ere sartu ziren, zaurituta joan ziren herritarren parte-medikuak eskatu eta suntsitzera. Eta bai, han geundenok, inoiz ez bezela egin genuen korrika.

 18:00ak inguruan iritsi ziren hondeatzeko makinak, bidean harrapatzen zuten oro suntsitzen... Une horretatik aurrera: sirena hotsa amaigabea, eta pilotakadak han-hemen.

 21:00etan hasi zen albistegia. Nola laburtu arratsalde hartan bizitako guztia? Nola kontatu herri-kulturgune haren 50 urteko bizia segundo gutxian amaitu zela?

 Handik ez askora, Pariserako bidaia batean, bilbotar mutil batekin egin nuen topo trenean. Bota zuten arte, Kukutzan bizi izan zela esan zidan.

1706638076861 Kukutza

 

Makina bat arrasto utzi du Kukutzak: hainbat lagun epaiketa zain, hamaika ilusio beteta, eta beste horrenbeste bete gabe. Askori Zea Maysen kanta gelditu zaie. Ezintasunaren amorrua beste batzuei. Niri poliziaren basakeria gelditu zait betiko barruan. Baina euskal herritar gehienoi, herri-kulturgune bizi bat hil zutela gelditu zaigu.