Zer da euskara zuretzat?

Euskarak ez du aldarrikapenik behar, euskarak erabilia behar du. Euskarak ez du nazioarteko egun bat behar, euskarak 365 egun behar ditu. Baina euskaraz bizi nahi dugunok gaur ere, abenduak 3, euskaraz bizi nahi dugu.

  Euskara hizkuntza bat da niretzat. Baina baita bizimodu bat ere. Gurasoek emandako heziketatik ateratako bizimodua. Zer da euskara zuretzat?

Gotzon Garate zenak askotan esan ohi zidan hau: Euskararen inguruan lan egiten dugunok pozik bizi gara. Herriaren alde eta herriarentzat ari garelako lanean.

Atzo, gaur eta bihar, euskara ari du guretzat. Eta orain, zuri egin nahi dizut galde, irakurle: zer da euskara zuretzat? (utzi zure erantzuna!)

{mosimage}

 Elgoibartarrak:

  • Jasone Osoro (Idazlea): "Orain, inoiz baino gehiago, neure egiten dut tolosarrek Kilometroak-erako aukeratu duten leloa: Euskara, ahora!".
  • Jesus Mari Makazaga (EHU): ”Nire sentipenak, bizipenak eta iritziak adierazteko modu eta bide naturala".
  • Imanol Larrañaga (Elgoibarko Izarra): Euskara, niretzat, etxea da, gurasoak; euskara, lagunak dira; euskara, bizibidea da; euskara, bizipoza da; euskara, arnasa ere bada; euskara bizitza bera da, azken finean. Baina euskara konpromisoa ere bada. Konpromiso pertsonala eta kolektiboa. Amaitzeko, badakit ni euskararentzat garrantzitsua naizela, euskara niretzat garrantzitsua delako”.
  • Kristina Zuatzubizkar (Euskara teknikaria): "Nire bizimodua eta lanbideaz gain, nire ama-hizkuntza ere bada, eta amarengandik jasotako guztia bezala, ondo zaindu beharreko altxorra eta ondarea".
  • Uxue Alberdi (Bertsolaria): "Euskara nire azala eta mamia da, euskarazkoa naiz kanpotik eta barrutik, kanpora eta barrura. Euskararekin, euskaraz, euskaratik nabil eta naiz".
  • Zuhaitz Gurrutxaga (Musikaria): "Nire sustraiak euskaraz bakarrik uler ditzaket".
  • Ainhoa Andonegi (Barren):  "Gure hizkuntza da euskara. Euskaraz jaio ginen eta euskaraz bizi gara. 20 urte egingo ditu BARRENek Gabonetan, eta euskara da Elgoibarko berriak komunikatzeko eta zabaltzeko erabiltzen dugun hizkuntza".
  • Hasier Etxeberria (Idazlea): "Euskara nire lehen hizkuntza da, ez gehiago, baina ez gutxiago".
  • Miriam Garate (Dendaria): ”Askatasunaren alde borroka egiteko lehen pausua, gure hizkuntza erabiltzea derrigorrezkua da”.
  • Mikel Olaizola (Bertsolaria): "Orokorrian euskara naiz, konplikazio gabe, baina lagatzen ez diatenian oindiok eta harrotasun gehixaokin".
  • Andres Alberdi (EIMA): ”Euskara katea da; nire gurasoena, neurea, nire seme-alabena, nire bilobarena..., nire herriarena, azken batean. Eta kate hori gure harreman eta gozamenerako bitartekoa da, milaka urtetik hona iraun duena eta iraun dezan nahi dudana”.
  • Mari Juli Konde (Elgoibar Ikastola): ”Bizitzeko era bat”.
  • Jose Luis Ibartzabal (EHBildu): ”Euskera nire bizitza proiektuaren osagai bereiztezina da, eta horregatik egiten zait zaila egindako galderari erantzutea. Denok ditugu gure printzipioak eta baloreak eta horien arabera antolatzen dugu gure bizitza. Oinarrian ez dago erabaki konziente bat baina hor daude gure jarduera guztia gidatzen”.
  • Unai Arrieta (Eskubaloi jokalaria) ”Euskarak nire pentsamenduari, irudimenari, arrazoimenari forma ematen die, eta nola ez baita nire sentimenduei, afektuei ere. Nor nintzateke euskararik gabe? ”
  • Joseba Elustondo (EHBildu): ”Jaio, euskara, hil”.

     

 

Eta zuretzat, zer da euskara?

  • Iñaki Petxarroman (Berria): "Herrialde ezezagun bat zen euskara niretzat. Bertara iritsi, ezagutu eta bertan bizi eta hil nahi dudan lekua dela konturatu nintzen".
  • Andoni Aizpuru (EITB): "Munduko hizkuntza-basamortu hareatsu bukaezinean, nire egarria asetzen duen Oasi ttikia".
  • Pello Salaburu (EHU): "Euskara? Nire biziaren zati bat: sehaskatik hilobira eramango dudan bizitza".
  • Ilaski Serrano (Mihiluze): “Boteretsua da bere txikitasunean” entzun berri dut irratian. Gure hizkuntzari buruz ari ziren. Neuk ere horrelakoa izan nahi nukeela pentsatu dut, mundu osoan dauden milaka milioien artean ezinbestean txikia, baina boteretsua aldi berean. Mundua ulertzeko eta izendatzeko daukadan tresnak bezala, euskarak bezala, neuk ere biziraun, ingurura moldatzen jakin, bidean aurrera egin, lan egin, amets egin eta bizi egin behar dut. Beste aukera batzuk bidea erraztuko lukete, baina horrela ez nintzateke neu izango eta horrek egiten nau boteretsu, zoriontsu".
  • Sustrai Colina (Bertsolaria): "Euskara nire hizkuntza ofiziala da".
  • Jon Artano (Kazetaria): "Euskara da: ogiya zuk hartuko al dezu, laztana? eta Hitzetik Hortzeratik deitzen dizut eta atzerriko komisioei dagokienez hitz egingo dugu eta hori dek putakumia! eta zazpigarren kanta den onena dudaik gabe eta bo, sunormalkuadrilakojauntxitagurgarriak: ostiralian apaya, iiiiiiieeeeeuuuuu!!!!!".
  • Asier Odriozola (EITB): "Batzuk desagertu egingo dela diote. Ez dakit hala izango den, baina, hori gertatu artean: pentsamendu, sentimendu, harridura, madarikazio, haserre, maitasun, albiste (nola ez!) eta halako beste gauza potolo eta sendoak adierazteko tresnarik nereena dut euskera!!".
  • Alex Txikon (Alpinista): "Guri izaera eta nortasune emoten dozkun hizkuntza".
  • Kike Amonarriz (Mihiluze): "Gozatzeko, maitatzeko, haserretzeko eta ingurukoekin bizitza dastatzeko dudan oinarrizko tresna da euskara!".
  • Josu Garate (Dantzaria): "Hemen eta gaur bizi, izan eta dantzatzeko era, aukera, nahia eta beharra osotzen dizkidan mamia".
  • Joxe Juan Ugalde (Euskadi Irratia) "Zer den euskaraz bizitzea? Ba... uzten dutenean, kriston gozamena!".
  • Aritz Laskurain (Pilotaria): "Etxeko goxotasuna".
  • Maddalen Iriarte (EITB): "Euskara nire hizkuntza da. Ez dezaket ulertu naizena euskararik gabe. Herri hau herri egiten du euskarak. Ukatzen didaten zerbait da euskara. Euskaraz bizi nahi dut".
  • Asier Riesgo (Futbolaria) "Nire ama hizkuntza. Nire gurasoena eta nire semeena. Euskeraz bizi, hazi eta hezi nahi dudalako".
  • Xabier Usabiaga (EITB): "Nire esentzia, naizena azaltzeko altxorrik preziatuena da euskara. Ilusioa ere bada, jolasa, erronka... ".
  • Aimar Olaizola (Pilotaria): "Euskara da euskaldun egiten gaituena".
  • Xabier Euzkitze (Esataria):  “Euskara da, nire aberria”.
  • Goñi III (Pilotaria): "Nortasuna: mundu globalizatu baten barruan euskara da gure nortasuna".
  • Julian Iantzi (El Conquistador): "Niretzat euskera komunikatzeko tresna izateaz gain... kultura, ohiturak, izakera, nortasuna, herria... da. Katearen funtzesko eslaboia, eta garbi dago bere hizkuntza galdu dituzten herriak desagertu direla".