Barrura begiratzeko leihoak

Nagia ematen zidan zinemara joateak. Larunbata zen. Nekatuta nengoen, eta ez neukan penak ikus eta entzuteko gogorik. Badira halako egunak ere. Baina hala ere, joan ginen.

 

1706637900637 Barrura begiratzeko leihoak

Aretoan sartu eta euskaldunez inguratuta nengoela ohartu nintzen. Ohartu nintzen, ez zela edozein film emanaldi izango. Ohartu nintzen, han geundenok gutxi-asko bagenekiela nolako filma ikusiko genuen.
 
 Bost zinemagilek 5 euskal presori eginiko 5 erretratu: atxilotuko duten zain dago Irati; 17 urteren buruan etxera itzuliko da Jon; alaba Gotzonerekin urteetan izandako telefono-elkarrizketak grabatu ditu ama batek; zeldako bakardadean bere burua topatu nahi du Jexux Marik; 20 urtean ikusi ez eta gaztetako lagun bati gutun bat idatziko dio Mikelek, harremana berreskuratzen saiatzeko.

 Dokumentalaren ideiaz, asmoez eta sortze-prozesuaz galdezka hasi nintzen neure buruari. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Zinez. “Politika gorabehera, pertsonak interesatzen zaizkigu”. Hala diote. Presoak heroiak dira batzuentzat, hiltzaileak besteentzat, pentsatu nuen. Zinez: “guretzat pertsonak dira. Ideal baten alde borrokatu diren pertsona normalak, gu bezalakoak“.


5 zinemagilek hartu dute parte proiektuan. Adin, jatorri eta ibilbide ezberdineko 5 zinemagilek. 2009an sortu omen zen asmoa: “politikaren gorabeherak alde batera utzita, pertsonak erakutsiko zituen film bat” sortzeko.


 Tabu eta beldurrez ere hitz egiten dute Zinez-ekoek. Proiektuak diru-laguntza bat jaso zuen. Filma amaitu gabe zegoen artean. Eta polemika sortu zen. Ildo politiko jakin batek babesten zuela zabaldu zen han-hemen, eta horrek beldurra ekarri zuen.


 Hasi zen dokumentala. 90 minuturen buruan, amaierako kredituak pantailan agertu ere bai. Baina amaitu, ez dakit oraindik filma amaitu den. Ez niretzat. Barrura begiratzeko bost leiho izan dira, baina batez ere, kanpora begiratzen lagundu didaten bost leiho. Zinematik atera eta pentsatu nuen ez dela bakarrik ikusteko filma. Nik behintzat beharra sentitu nuen ikusitakoaz norbaitekin hitz egiteko. Barrura begiratzeko leihoak niri buruz delako, zuri buruz. Pertsonei buruz.
 
 Zuk ere leiho hau zabaldu nahi baduzu, ostegun gauean Herriko Antzokian duzu aukera.