Open Altitoy Ternua

Pirinioak udako mendiak izan dira beti niretzat. Mendi eguzkitsu eta sargoriak. 10 bat orduz itzalik apenas duten gailurrak. Belardi zabalak Nafarroako Pirinioetan. Harritsu eta hareatsuagoak Aragoin eta Huescan. Katalunian Aigüestortes eta lakuak. Argazki hori neukan buruan.
 
 Niri elurrak beldurra ematen zidan txikitan. Zurituta, mendiak garaiagoak zirela uste nuen. Bai. Aneto garaiagoa zen niretzat neguan, udan baino. Elur zuriak errespetua ematen zidan. Mendiak ere bai. Eta elurtuta, areago. Horregatik agian, neguan ere makina bat aldiz joan arren, ez naiz udan bezainbeste gerturatu gailurretara.

 

 Baina bizitza aldatuz doa, eta gu ere bai. Bat-batean elurraz ia maiteminduta dagoen jendea ezagutzen hasi naiz, eta ni neu ere ausartago ari natzaie begira zuritutako erraldoiei.

  Esan didate ez dagoela tontor bat igo eta ondoren eskian jaistea bezalakorik. Mendia gustatuz gero, modu ezin hobea dela neguan gozamen hori asetzeko. Sentimendu hori bertatik bertara aurkitu nahian joan naiz Altitoy mendi-eski proba ikustera.

  Nazioarteko korrikalariak bildu dira aurten, eta lasterketa ikusgarria izan da. Buru-buruan ibili direnak bihotza ahoan zutela joan dira uneoro, erlojuaren aurka. Baina 580 partaideren artean denetarik aurkitu dut. Baita parajeari argazkia egiteko tartetxoa atera duenik ere.

  Neure burua kokatzen saiatu naiz ni, eta ohartu naiz, niretzat lasterketa bat baino gehiago izan dela asteburukoa. Lasterketak berak daukan lehiaz harago, mendiei, korrikalariei, antolatzeko moduari, materialari... gauza askori erreparatu diet.

1706637776817 Open Altitoy Ternua

Igandean Bergons tontorrari adi-adi egon naiz. Ertzean ikusi ditut korrikalariak. Zeruaren urdina eta mendiaren zuria bereizten dituen lerroa osatzen dute. Tontorretik behera, araurik gabeko errepide sigi-sagatsua marraztu dute malda zurian, eskiekin. Ikusgarria.

  Gozamena izan da ezagun eta lagunen ikusle izatea. Helmugan norbaiten zain egotea zer den ere bizi izan det egunotan. Eta askotan ez bezala, mendian oihu egin det nik ere, korrikalariei maldetan laguntzeko.

  Baina amaitu da lasterketa, eta iritsi da etxerako ordua. Eta nik mendi zuriei begira segitzen det. Argazki bat egin nahi det ni eta mendi zuriak paperean gordetzeko. Hala ere, nork bere barnean betiko gordetzen duena omen da argazkirik onena. Bi egunotan lehian aritu direnetako zenbatek begiratu ote dute atzera Pirinio zuriak azkenekoz agurtzeko? Nik behin baino gehiagotan begiratu det atzera, ezinbestean. Eta ohartu naiz, agian, udako Pirinioak neguko ere izan litezkeela niretzat, hemendik aurrera.

1706637776912 Open Altitoy Ternua

1706637777003 Open Altitoy Ternua

1706637777056 Open Altitoy Ternua

1706637777153 Open Altitoy Ternua