600 bat lagun eski gainean, 150 antolatze lanetan eta Toy ibarreko mendi zuriak inguruan. Horiek izan dira Pirinioetako lasterketa zuriaren aurtengo osagai nagusiak. Horiek eta omenaldi bat; lasterketaren sortzaile Andoni Areizagari eginiko omenaldia. Errepideak eraman zuen elurretako gizona, iragan udazkenean.

 

1706636990703 Altitoy

Lehengo urtean joan nintzen lehenengoz Luz-Saint-Sauverrera (Okzitania), Toy ibarreko festa zuria ikustera. Lasterketa bat ikustera joan nintzen orduan, eta lasterketaren izena bera jarri nion izenburu idatziari: Open Altitoy Ternua. Aurten, ordea, lasterketa batera bainoago, mendiko eskiko jai batera joan naiz, eta horregatik, ezinbestean jarri diot Altitoy. Hasi berri-berria nintzen orduan eski gainean. Hasi berria naiz orain. Parte hartzera, lanera, eta batez ere, mendiaz eta giroaz gozatzera joan naiz.
  Ostiralean oso berandu iritsi ginen Luzera, eta larunbatean oso goiz jaiki. Urduri nengoen; nolakoa ote da Altitoy barrutik? Eguraldi iragarpen kaskarra tarteko, irteerako ordua eta ibilbidea aldatu egin zituzten azken orduan. Eguna argitu gabe, irteerako arkuan ginen jada. Minutu bateko isilunea elurretako gizonaren omenez, eta hasi zen festa zuria.

  Hasi orduko iritsi zen lehen aldapa. Foka-larruek ongi eusten zioten elurrari, auspoa bete oxigeno nabaritzen nuen eta pozarren nijoan. Arnasestuka asko, argazkiak egiten beste batzuk, eta han urrunean, buru-buruan, elitekoak ziztu bizian. Zenbait zatitan izotza zegoen, eta zailagoa zen orekari eustea. Pistan behera ongi moldatu nintzen, pistaz kanpo ez horren ondo. Eskiak bizkarrean hartu eta baso-bide eder batean egin genuen tarte bat. Aurten ere Midi du Bigorre igo gabe egin da lasterketa, baina uneoro eduki genuen gailurra begiz jotzeko moduan. Helmugara iritsi eta mendiko eskiko lasterketa handiena amaitu izan bagenu bezala etorri zitzaigun jendea zoriontzera; garaileak aspaldi iritsi direla ahaztuta, haiengandik baino azkenengoengandik gertuago geundela konturatu ere egin gabe. Helmugako arkura iristea zen erronka. Ibilbideaz gozatzea helburua.

  Emozio, oroitzapen eta gogoetetan murgilduta pasatu dut astea. Nire belaunari begira gaude gidaria eta biok. Puztuta dago. Agian ez zeunden prest lasterketa egiteko? Esan dit. Baliteke. Izugarri gozatu dut gorakoan. Mendiko eskia igo eta jaistea da, ordea. Sendagileak esan dit eskia ez dela kirol naturala gizakiarentzat. Sortzez gizakiak korrika egitea duela berezkoa, ez eskiatzea, ezta bizikletan ibiltzea ere. Norvegian, ordea, eskia ohiko garraiobidea da, elurretan mugitzeko ezinbestekoa.

  30 urtean sekula eskiak oinetan jarri ez, eta zergatik orain? Ez dakit aurrerantzean mendiko eskiko beste lasterketarik egingo dudan, ezta jaisten asko hobetuko dudan ere. Baliteke mendiak eski gainean igo eta jaitsierak oinez egitea. Hamaika galdera dauzkat, erantzunak ez horrenbeste. Udakoak baino ez ziren Pirinioak neguko ere badira orain niretzat, ordea, eta belauna noiz hustuko zain nago, berriz ere mendira joateko. Sokalagunari eskerrak bihotz-bihotzez, gidariari ere bai. Lasterketa osoan irribarrez ikusi nautela esan didate antolatzaileek. Nola eta zergatik? Galdetu didate. Erraza da ba, erantzuna: ikusi al dituzu inoiz goi mendiak zure inguruan elurtuta?

1706636990829 Altitoy

1706636990978 Altitoy