Pierra Menta

Lehengo urtean entzun nuen lehenengoz Pierra Menta izena. Mendiko eskiko lasterketa gorena zela esan zidaten, Frantziako Alpeetan, Beauffort-Areches bailaran.

 
Pierra Menta mendi bat ere bada, ordea. Forma bereziko tontor bat, karratu itxurakoa, oinez eta zenbait tartetan eskalatzen baino igotzen ez omen dena. Arreta eman zidan: zergatik eman diote sekula eski gainean igo edo jaitsi ez den mendi baten izena mendiko eskiko lasterketa bati?

9-10 orduko bidaia luzea egin behar da Arechesera iristeko.

Lau egun izan dira, elurrez, mendizalez, eskiatzailez, gazta usainez eta zintzarri soinuz beteak. Korrikalari asko munduko lasterketa handienean lehiatzera joan dira, Alpeetako mendi ederrez gozatzera beste batzuk, hango giroa arnastera gehienak.

Lasterketa ederra izan da, eskiatzaileak auspoari gogor astinduz ikusi ditugu aldapan gora, trebeki ertz-lerro zorrotzetan eta abilezia handiz jaitsiera pikoetan. Halakoxea da Pierra Menta, mendiko eskiko lasterketa. Izugarri gozatu dut lehiaz, baina areago mendien ederraz eta giroaz.

Larunbatean ehunka lagun joan ginen Forclaz gainera eski gainean, artean eguna argitzeke zegoela. Hotz izugarria geneukan, elurra ari zuen, baina Pierra Mentako egun handia zen, eta jendetza batu ginen lepo gainean, korrikalariak aupatzeko. Zintzarri handiekin batzuk, oihuka gehienak. Denetarik ikusi nuen gorakoan: aurreko urteetan parte hartu izan duten eskiatzaileak, herriko aitona-amona mendizaleak, ama gazte bat haur jaioberria besoetan hartuta… Aitona bati begira geratu nintzen: eski zaharrak zeramatzan, jaka ere garaikoa, eguzkiak ondutako azala, eta irribarrea ezpainetan. Lasterketan parte hartzen ari ziren askok baino gehiagotan igoko zuen aitona hark Forclaz mendatera eski gainean, seguru. Mendia maite zuela zirudien, eta eskia gustuko zuela. Lasterkariak iritsi ziren, eta haiei oihuka ginela, hauxe pentsatu nuen: zer dira mendiko eskiatzaileak? Eskiatzaile bihurtutako mendizaleak? Pistez gogaitu eta mendira jo duten eskiatzaileak? Bidean gora ikusi nuen aitona biharamunean ere igoko zen Forclazera segur asko, edo hurrengo egunean.

Mendi zuriz inguratuta egon gara lau egunez, Mont Blanc handiak zainduta. Grande Journee zinez iruditu zait ederra: ertz bat igaro behar da tontorrera iristeko. Airetik bira osoa eman diogu. Ertz horretan lerro perfektu bat osatu dute mendiko eskiatzaileek, oholak bizkarrean hartuta, oinez, arin. Amaz oroitu naiz eta hots egin diot, ikusten dudana adierazteko, baina 1000 kilometro daude bion artean, mila mendi, eta azaltzen hasi orduko hasi naiz negarrez. "Badakit loramen, ezin duzu hitzez azaldu zer ikusten duzun". Une batez begiak utzi nahi izan dizkiot, nik neuk ikusten ditudan formak eta koloreak ikus ditzan.

 Pierra Menta mendiko eskiatzaileen topagunea omen da; eskian aritzen diren mendizaleena, mendizale eskiatzaileena izango da beti niretzat.

1706636891434 Pierra Menta

1706636891536 Pierra Menta

1706636891652 Pierra Menta

1706636891770 Pierra Menta