Orain dela 10 bat urte izango zen: Mendaroko neska gazte bat amaren dendan hasi zen lanean. Irribarretsua, alaia, bizia eta ernea. Eta arropa koloretsua beti soinean. Maite Maiora zen. 10 urte geroago, garai hartako ezaugarriei eusten dien neska ikusten dut, baina munduko mendi lasterkari onenetakoa bihurtuta.

«Bizitza osoan gozatu dut etxeko leihotik mendira begira»

Maite Maiora Chamonix inguruetan, Alpeetan.

Mendaron jaio, hazi eta bertan bizi da Maite Maiora (1980). Mendiz inguratutako herri horretan «harakinaren alaba» izan da betidanik. Mendizalea txikitatik, mendiko eskiatzailea urte askoan eta mendiko korrikalaria azkenaldian. Gorputzarekin hobeto sentitzeko hasi zen korrika, eta afizioz segitzen du; profesionalen pare ari da lehian, ordea, eta munduko mendi lasterkari onenetakoa da egun. Laburrak, ertainak eta luzeak, era guztietako probak irabazi ditu. Igandean lortu zuen azken garaipena, Sunbillan (Nafarroa), 800 Dukado emakumeen lehen mendi maratoian.

Emakumeen lehen mendi maratoia irabazi berri duzu. Nolakoa izan zen proba?
Lasterketa oso ondo joan zen. Banekien lehen zatian korrika asko egin beharko genuela eta bigarren zatian igoera gogorrak eta ibilbide teknikoa iritsiko zirela, eta halaxe izan zen. Hala ere, espero baino ibilbide gogorragoa aurkitu nuen, eta horrek asko poztu ninduen. Bareak heldu zidan eta, ondorioz, jaitsieran erritmoa moteldu behar izan nuen, baina gainerakoan ondo sentitu nintzen. Oso egun polita izan zen, eta berezia, emakumeen lehen mendi lasterketa zelako.

Zure ustez, zein da emakumeen egoera mendi lasterketetan?
Gero eta emakume gehiago ikusten ditut korrika, eta hori pozgarria eta ona da. Askotan pentsatzen dut neurri batean neskon errua ere badela. Emakume asko beldurtuta ikusten ditut, uste dutelako lasterketetan ateratzeko maila gorenean ibili behar dela. Ez da hala, egiten duzunarekin gustura egotea da garrantzitsua.

Gizonen eta emakumeen berdintasuna urrun dago?
Ezetz espero dut, baina emakumeok ere pentsaera aldatu beharra daukagu, eta benetan nahi duguna egin. Ni neu ez naiz diskriminazio positiboaren aldekoa, baina igandekoa bezalako probak emakumeak korrika egitera irteteko modua badira, astero antolatuko nituzke.

Munduko txapelketa Chamonixen (6.), Espainiako txapelketa Zumaian (1.), Cervinoko lasterketa Suitzako Alpeetan (3.)… Uda betea izan duzu. Nola joan da?
Oso azkar, ohartu ere ez naiz egin. Azkenean uste baino lasterketa gehiago egin ditut, eta balantzea oso-oso ona da. Lasterketa batzuk besteak baino hobeto atera zaizkit, eta Chamonixko maratoian, esaterako, oso gaizki pasatu nuen. Baina, hala ere, atzera begiratu, eta udako balorazioa oso ona da, esperientzia bikainak izan ditut. Leku bat eta lasterketa bat aukeratu beharko banitu, Zermatt-eko Matterhon Ultraks aukeratuko nuke.

Katalunian lortu zenuen urteko lehen garaipena, Congosten. Zuk zeuk esan zenuen ezustekoa ere izan zela Nuria Picasi eta beste korrikalari handi askori irabaztea.
Bai, ezustekoa izan zen niretzat. Kasualitatez joan nintzen Congostera, La Sportiva taldea han egitekoa zelako aurkezpena, eta, egia esan, ustekabez irabazi nion Nuriari.

Euskal mendi lasterketen historian ere sartu zara aurten: Zegama-Aizkorri mendi maratoian hirugarren egin zenuen.
Izugarria izan zen Zegamako podiumean sartzea, munduko mendi lasterketa onena delako eta etxean jokatzen delako. Zaila da lasterketa luze bat nola amaituko den jakitea, eta halakoetan garrantzitsua ez da nola hasten zaren, nola bukatzen duzun baizik. Gainera, lasterkari bakoitzak indarrak neurtzeko bere estrategia erabiltzen du. Nik atzetik aurrera egin nuen, indarrak neurtuz. Sufrituta, baina ongi atera zitzaidan.

Ultratrailean debuta egin zenuen gero. Munduko mendi lasterkari onenak bildu zituen proban, Transvulcanian (73 km) bigarren helmugaratu zinen.
Lasterketa asko daude, eta ez nekien zein aukeratu. Azkenean, lagun batek, Luis Alberto Hernandok, Transvulcania gomendatu zidan: distantzia, leku, antolaketa tratuarengatik eta lasterkarien mailarengatik. Zegaman bezala, Transvulcanian izandako sentimenduak ere izugarriak izan dira, sekula aurretik sentitu ez ditudanak, lasterketaren gogortasunagatik batez ere.

Kilometro bertikaletan ere primeran moldatzen zara. Besteak beste, Oturian Espainiako kopa irabazi duzu aurten.
Egia esan, ez ditut kilometro bertikal asko egiten. Oso agonikoak dira, denbora gutxian asko eman behar delako, baina bai, tarteka gustatzen zait halako probetan ere neure burua proban jartzea.

Udazkenerako zer asmo dituzu?
Udazkenean amaituko dut denboraldia, baina aurretik hainbat lasterketa egingo ditut: Espainiako Kopa da nire helburuetako bat, eta urrian Lanzaroten egingo dut azken proba. Euskadiko Txapelketan ere izango naiz Idiazabalen asteburu honetan, eta denboraldiari agur esateko, Gorbeia Suzien korrituko dut urri erdialdean. Valentzia aldean konpromiso txiki bat ere badaukat, eta baliteke urrian edo azaroan hara ere joatea.

Nola eta noiz hasi zinen korrika?
25-26 urterekin hasi nintzen. Garai hartan zortzi bat kilometro egiten nituen, 40 bat minutu. Pixka bat izerditu eta gorputzarekin hobeto sentitzeko egiten nuen korrika. Betidanik gustatu izan zait mendia, txikitatik joan izan naiz, eskiatzen ere urte asko daramatzat. Biak uztartu eta korrikaldiak mendian egiten hasi nintzen azkenean.

Zer da zuretzat mendia?

1706636553322 Maite Maiora

Euskal Herriko herri txiki batean bizi naiz, Mendaron, mendiz inguratuta, eta mendia nire bizitzaren zati bat da. Ondo eta gustura sentitzen naizen lekua. Bizitza osoan gozatu dut etxeko leihotik mendira begira. Korrika egitea mendiaz gozatzeko beste modu bat da, baina horrek ez du esan nahi oinez joatea gustatzen ez zaidanik.

Elikadura asko zaintzen duzu?
Nire ustez, entrenatzea bezain garrantzitsuak dira atsedena eta elikadura, eta bai, asko zaintzen dut. Hala ere, edozein dendatan saltzen dituzten elikagaietan oinarritutako elikadura daukat.

Nola prestatzen dituzu entrenamenduak eta nola lasterketak?
Bost urte daramatzat Etor Mendiarekin lanean, eta oso gustura nago. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta hori oso garrantzitsua da niretzat. Saioak, erritmoak eta kopuruak urte osoan aldatuz doaz.

Entrenatzaileaz gain, beste laguntzaile fidel bat ere badaukazu: senarra. Zein da haren lana?
Moral aldetik izugarri laguntzen dit, eta, horrez gain, harekin prestatzen ditut lasterketak: materiala, jan-edana, estrategia...

Mendiko eskian eta krosean ere aritzen zara neguan.
Bai, krosean, esaterako, asko lantzen da indarra, eta mendian korrika egiterakoan asko nabaritzen dut. Mendiko eskia ere entrenamendu eta osagarri modura hartzen dut.

Inoiz pentsatu duzu kiroletik bizitzea?
Ez, sekula ez dut pentsatu. Une honetan Kilian-ez [Jornet] gain, oso jende gutxik dauka horretarako aukera.

Profesionalen mailan aritzen zara, baina ez zara profesionala. Nola uztartzen dituzu lana eta kirola?
Ez naiz profesionala, ezta nahi ere. Ez nuke afizioa ofizio bihurtu nahi, ez baita gauza bera irabaztea eta irabazi behar izatea. Askotan, oso zaila da lana eta entrenamenduak uztartzea, baina etxekoen laguntzari eta animoei esker eramaten ditut. Etxekoak ondoan eta laguntzeko prest edukiko ez banitu, ez nintzateke egongo gaur egun nagoen mailan. Egun txar asko izaten ditut, eta askotan nik neuk ere ez dut neure burua onartzen. Atera kontuak askotan nire ondoan bizitzea zer den [barrez].

Lo gutxi eginda entrenatzera joan behar izaten duzula ere badakigu. Nondik ateratzen da indarra halakoetan?
Batez ere udaberrian eta udan gertatzen zait hori, lasterketa luzeak eta ordu askotako entrenamenduak egiten ditudan garaian. Batzuetan, ohean bezainbeste ordu egiten ditut entrenatzen. Gogorra da, baina niretzat merezi du.

Nolako harremana daukazue korrikalarien artean?
Gehienok oso-oso harreman ona daukagu. Lagun handiak dauzkat korrikalarien artean. Batzuekin beste batzuekin baino harreman estuagoa daukat, baina eguneroko bizitzan ere gertatzen da hori.

Noiz arte jarraitzeko asmoa?
Oso galdera zaila da hori. Espero dut kirola sekula ez uztea. Maila honetako kirola, berriz, gorputzari galdetzen diot, baina ez dit erantzuten [barrez].

Horrenbeste lasterketa eginda, pasadizoren bat edo beste izango duzu seguru…
Duela hiru edo lau urte Txindokiko kilometro bertikalean autoko giltza galdu nuen lasterketa aurretik. Oso urduri nengoen, eta azkenean nire txiparekin baina lagun baten dortsalarekin egin nuen lasterketa.

Maniarik bai?
Maniarik ez, baina oso burugogorra eta zurruna naiz, lasterketa aurreko egunetan batez ere. Ez zait gustatzen egunerokotasunetik irtetea.

Gero eta ezagunagoa zara mendi lasterketen munduan. Zer alde on eta txar ditu ospeak?
Garrantzirik ez ematen saiatzen naiz, baina, egia esan, gero eta jende gehiagok ezagutzen nau, bai. Hala ere, nik beti esaten dut: «Mendaroko harakinaren alaba izaten jarraitzen dut».

Motzean

•Proba teknikoak ala orotarikoak? Teknikoak.
•Igotzea ala jaistea? Igotzea eta jaistea, biak.
•Haitza, lokatza, belarra ala elurra? Haitza.
•Proba gustukoena? Zegama-Aizkorri eta Canazei Skirace.
•Gogorrena? 2013ko Vilallerko Espainiako Txapelketako maratoia.
•Entrenatzeko leku onena? Mendaro inguruko mendiak.
•Beste afiziorik? Trankil egotea eta, tarteka, dendetan galtzea.
•Zenbat zapatila pare dauzkazu? Asko.
•Miresten duzun korrikalaririk? Miretsi ez dut inor miresten, baina korrikalari handiak ezagutzen ditut, eta ez bakarrik emaitzengatik. Izenik eman gabe ere haiek badakite nortzuk diren.
•Askok galdetuko dizute horrenbesteko sakrifizioa merezi duen Bai, askok galtzen didate hori. Batzuek sakrifizio moduan ikusten dute, baina nik bizitzeko modua dela ikusten dut. Korrika egitea nire bizitza da.

 

Iosu Juaristi, Maite Maioraren 'xerpa'

1706636553419 Maite Maiora

Lasterketetan animatzera joaten nintzen lehenengo, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatzen nuen, eta, gehienez ere, korrika hasi aurretik sobran zeuzkan arropak hartzen nizkion». Hala gogoratu ditu Maioraren lehen lasterketak Iosu Juaristik (Mendaro, 1977). Segur aski pentsatu ere ez zuen egingo denbora gutxian neska-laguna munduko mendi lasterkari onenetakoa izango zenik. Ez eta, ondorioz, bere «zeregina» nola aldatuko zen ere.

 Laguntzailearen lana korrikalariaren lehiakortasun mailaren araberakoa omen da, eta Maiorak pausoa azkartu ahala handituz joan da Juaristiren betebeharra. «Maitek gora eta gora egin ahala, laguntza handiagoa ematen hasi nintzaion, eta ia konturatu gabe haren xerpa bihurtu naiz», azaldu du barrez. Lasterketen aurretik, profila, eguraldia, ibilbidea, desnibela eta gainerakoak aztertzen ditu Juaristik, Maiorak zer material beharko duen jakiteko. Lasterketan zein lekutara joango den ere erabakitzen du, Maiorari jan-edana non eta nola eman erabakitzeko. «Lasterketa batzuetan, kilometro asko egin behar izaten ditut, bai autoz eta bai korrika, proba hainbat puntutan jarraitu ahal izateko. Transvulcanian, esaterako, sei ordu egin nituen gidatzen!», azaldu du barrez. Argazkilari ere aritzen da Juaristi, Fotoiosu ezizenarekin. Egun, lasterketekin ez omen du hasieran bezala gozatzen, lana arduraz hartzen duelako, baina ahalegina fruituak ematen ari da, eta Maiora pozik ikusita, bera ere pozik omen dago. «Maitek zapatilak erantzi artean, ni neu ere alboan egoten saiatuko naiz, ahal dudan guztian laguntzen», azaldu du Juaristik.

 

 

Â