Elgoibar Ikastola IKT heldutasunaren eredu

Elgoibar Ikastolari informazio eta komunikazio ereduan maila aurreratua, maila gorena  aitortu zaio aurkeztu den lehenengo deialdian. Berri pozgarria benetan  Elgoibar Ikastola osatzen duen hezkuntza komunitate osoarentzat, bultzada esanguratsua eman baitio hainbat urtetan egiten ari den ahaleginari.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak,  2014ko uztailean, itunpeko ikastetxeentzako eta ikastetxe publikoentzako deia ireki zuen - aurreko deialdietan ez zitzaien aukerarik eskaintzen itunpeko eskolei -,  IKT Heldutasun eredua egiaztatzeko ziurtagiria lortzeko aukera eskainiz. Elgoibar Ikastolari aukera interesgarria iruditu zitzaion, horrela  ikastolak azken urteetan egin duen lana eta lortu duen garapen maila azaldu eta baloratzeko.

Ereduaren baitan 3 maila bereizten dira:

  • Oinarrizko maila, ikastetxeari IKT tresnak eta baliabideak nahiz materialak erabiltzea eta erabilpen horretan trebatzea eskatzen zaio.
  • Tarteko maila, non ikasgelak digitalizatzea eta erabilpen maila eta hedapena eskatzen diren ikastetxe barruan.
  • Maila aurreratua, ikastetxearen birtualizatzea dakarrena, ikastetxeak hezkuntza plataformaren bitartez, hezkuntza-komunitatea etengabe eta noranzko bietan komunikatzen eta aritzen den.

Ziurtagiria lortzeko, kanpo ikuskaritza egiten da, ebidentzietan oinarritutako ebaluazioa eta ikastetxeko funtsezko prozesuetan (irakaskuntzan, administrazioan eta informazioan eta komunikazioan) IKTek duten ezarpen eta erabiltze maila baloratzeko.  

Deialdian 284 ikastetxek parte hartu zuten Euskal Autonomi Erkidegoan, eta horietatik 11 ikastetxek lortu dute maila aurreratua, horien artean Elgoibar Ikastolak.

Hori horrela, ziurtagiri hori gure ikurren artean ikusiko  dugu hemendik aurrera.

eredua

 

Elgoibar Ikastolak teknologia digitalak ikastolako eremu guztietan dauzka integratuta. Ikastolak, eguneroko zeregin guztietan txertatuta ditu ikas-irakaskuntza prozesuetan zein antolaketan eta kudeaketan. Metodologia berritzaileak eta hezkuntza kooperatiboa garatzen duten  proiektuak bultzatzen dira hala nola, Ikasys, Virtusbook liburu digitalak, Txanela.net, mailako blogak, DBH-ko Moodle plataforma,  EKI-Digitala, Ikaskide taldeak, pausoz pausu egitasmoa…beti ere azken helburua lortzeko: ikasle konpetente digitalak lortzea eta beraiek izatea irakaskuntza prozesuaren protagonistak. Horrela, Euskal Curriculumak IKT konpetentzian jasotzen dituen ildoak garatzen ditugu:

“Ikaslea gai da, bere bizitzako eremuetan egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia, eraginkorra eta arduratsua egiteko: informazioa kudeatzeko, elkarlanean aritzeko, ekintzaile izateko eta horrekin guztiarekin ezagutza sortu eta partekatzeko”.

HELBURUAK

Beraz, hau ardatz dugula, hauek dira gure helburuak:

  1. -       Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikastolako etapa guztietako hezkuntza eremuan bezala, ikastola osoaren kudeaketan integratzea, beste euskarri eta tresnekin normal-normal bat eginik.
  • IKT tresnak autonomiaz erabiltzea eremu guztietan.
  • IKTen ahalmen didaktikoen aprobetxamenduan sakontzea eta etengabe hobetzea, praktikara eramanez, esperimentatuz eta baloratuz.
  • Ikastolako komunitatea osatzen duten eragile guztien arteko harremanak hurbildu eta sendotzeko, komunikazio eredu ahalik eta eraginkorrenak bezain azkarrenak eta erosoenak ezartzea.



Formazioa  DSC 0006 1

 

Izengabea

Hori horrela izan dadin, bereziki zaintzen dira teknologia berrien etengabeko bilakaeraren azterketa, aliatuekiko elkarlana, bitartekoen eguneraketa, profesionalen eta gurasoen formazioa. Betiere, aurrez egindako epe ertaineko planifikazioetan oinarrituz, aurreikuspenak eginez eta eremuan adituak diren aliatuekin etengabeko  kontrastean arituz. Ikastolaren funtzionamendurako ezinbesteko diren prozesuen eta proiektuen kudeaketarako nahitaezko tresnak bihurtu dira informaziorako eta komunikaziorako teknologia berriak.

Horretarako, irakasleek, ikastolen pedagogia curriculumen proiektuekin bat datozen IKT baliabideak erabiliz, metodologia berritzaileak eta kolaborazio proiektuak bultzatu behar dituzte, eta horretan laguntzen ahalegintzen dira IKT proiektuaren bitartez. Tutorizazio lanetan oso tresna lagungarriak dira: irakaslearen koaderno digitalaren bidez, esaterako, ikasleekin eguneroko lanaren jarraipena egiteko modua dago. Horretaz gain, gainerako irakaskideen iruzkinak jasotzeko tresna erabilgarria da, profesionalen arteko informazio trukaketarako bideak errazten baitira (unitate didaktikoen eguneroko jarraipena, notak, lanen jarraipena, agenda...).

Baina, aldi berean,  ikasleentzako ere bitarteko oso baliagarria da eguneroko jardunen jarraipena egiteko, egin beharreko lanen planifikaziorako eta autorregulazioa bideratzeko, tutorearekin partekatuta, ikasleek duten HORRELA BAI koaderno digitala izanik horren eredu esanguratsua.

Eta amaitzeko,  informazioa bilatu, prozesatu eta komunikatzeko konpetentziak bermatuz ezagutza sortzeko gai diren ikasleak hezitzea denez helburua, agerikoa da baliabide egokienak, metodologia aproposenak erabiltzen direla.

ADIBIDE BATZUK

 Ondoren, adibide batzuk nabarmenduko dira IKTek ikas-irakaskuntza prozesuan duten protagonismoaren lekuko:

Ikasmaterial didaktikoak:urtxintxa.net, txanela.net, ostadar.net.

Erabiltzen ditugun ikasmaterial didaktikoak Ikastolen materialgintzatik datoz. Bere paperezko bertsioez gain, egun proiektu guztiek, unitate guztien ohiko jarduerei dagozkien fitxekin batera, IKT konpetentziak garatu ahal izateko proposatzen diren IKT jardueren webgunea dute.

Ikus-entzunezko bitartekoak: CD-ROMak, bideoak, audio klipak. Barne sarean ditugu, ikasle guztientzat erabilgarri.

Liburu digitalak: LHn eta DBHn arbela digitalen bidez liburu digitalak erabiltzen dira. Txanela Virtusbook-en eskutik erabilgarri dituzte Lehen Hezkuntzako irakasleek arlo guztietan.

Ikasgela

Moodle: Moodle plataforma erabiltzen dute DBHko ikasleek eta irakasleek ikaslanen eta informazio desberdinen biltoki eta komunikazio eremu gisa.  Erraminta eraginkorra da arlo desberdinetako gaien edukiak antolatzen laguntzeko. Ikasleak erraz jabetzen dira plataformaren funtzionamenduaz. Lanak bertara igotzen dituzte adostutako epeetan, bertatik jasotzen dituzte zuzendutako eta iruzkindutako dokumentuak eta, ondoren, euren esku geratzen dira, aurrerantzean sor litezkeen zailtasunei eta akatsei aurre hartzen ikasteko.

Blogak: Blogen bidez talde desberdinen lanak eta egunerokoa biltzeko eta partekatzeko.

Ikasys: Norberak ordenagailu bidez ikasteko sistema da, eta tresna informatikoak (hardware), aplikazio informatikoak  eta curriculum estrategiak uztartzen ditu. Ikaskuntzaren hainbat eduki memorizatzen eta hainbat prozedura eta jarduera sistematiko trebatzen laguntzeko aproposa. Lehen Hezkuntzako eta DBHko mailetan erabiltzen dugu bost arlo ardatzetan.

ikasys

Eki digitala: EKI Digitala I+G egitasmoa da. EKI proiektua oinarritzat hartuz, EKI ikasmaterialen aldaera digital sakona gauzatu da, hezkuntza hobetzeko eta ikasmaterial edizioan aurreratzeko. Ikasleek paper euskarriko testulibururik gabe eremu digitalean lan egiten dute. Hiru urtetan eta esperimentazio proiektuan partaide izanik, DBHko ikasleek arlo guztiak landuko dituzte propio euskarri digitalerako egindako material didaktikoen bitartez.

EKI 1