Ikastolaren alde dena emanda joan da Agustin Gorostiza

Egun Elgoibar Ikastola osatzen dugunok atsekabe handiz jakin dugu Agustin Gorostizaren heriotza, hainbeste urtetan bertako zuzendari ekonomikoa izana, eta buru-belarri aritu izan zena hasierako amets hura egun den errealitate bihurtzeko. Esan beharrik ez dago, familiaren eta hurbilekoen nahigabean lagun gaituzuela.

Agustin Gorostizaren izena bete-betean lotzen dugu Ikastolaren ibilbidearekin. Izan ere, urte mordoa eman zuen Agustinek diruzain-lanetan, zuzendari ekonomiko gisa, eta lan eskerga egin zuen horren maite zuen Ikastolaren eta euskararen alde.

1975. urterako Ikastolan lanean bazebilen ere, aurretik ere ezkutuan ibili izan zen ikastolaren sortze-lanean. Ikastola hartzen ari zen dimentsioa kontutan hartuta administrazio-arduradun bat behar beharrezkoa zen, eta horrela hasi zen Agustinen ibilbidea Ikastolan, Elgoibarkoak ez ezik, Gipuzkoako ikastolen gorabeherak gestionatzen. Maiz kontatzen zuen eran, gelen baimenak eta diru-laguntzak eskatzera maiz joan behar izaten zuten Madrilera, maletina eta gorbata eraman behar izaten zituztelarik; gorbata eramateagatik lotsak jota, maletinean sartu eta seme-alabei esaten zien ikastolara eramateko, inork ez ikusteko moduan.

Delineantea formazioz, asko inplikatu zen Ikastolaren eraikinaren diseinuan ere. Pilotazale amorratua, ikastolako frontoia eraikitzea une garrantzitsu modura bizi izan zuen, ahalik eta ederrena egiten saiatuz.

Ikastolako Haurtzaindegia izan zen asko maite izan zuen beste proiektu bat, Urtzik, bere ilobak estreinatua. Kilometroak antolatzea egokitu zitzaigunean, bete-bete eginda zen ordurako Agustin ditu-arazoez arduratzeaz, eta Batzorde iraunkorrean sartu zen ekonomiatik ihesi. Bizitasunez gogoratzen zuen bezala, bere gustuko saltsa antolatzen lagundu zuen: zirkuitoa.

1997 urtean jubilatu zen Ikastolaren alde dena emanda.

Pasa den apirilaren 15ean joan zaigu Agustin Gorostiza, 83 urte zituela. Goian bego.