Paolo Sorrentinok masterclass-a eskainiko du gaur arratsaldean

Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarrak È Stata La Mano di Dio / The Hand of God filma aurkezteaz gain, eskola magistral bat emango du Tabakalerako zine aretoan gaur arratsaldeko 19:00etan.

Filma Veneziako Mostrako lehiaketa ofizialean aurkeztu berri du. La grande bellezza (2013) filmarekin Oscar saria irabazitako zinemagilea azken pelikulaz eta zinemaz arituko da gaurko agerraldian.

 Film pertsonalena omen da Sorrentinok Venezian aditzera eman duenez. Fabietto (Filippo Scotti) lotsatiaren esperientzia du abiapuntutzat lanak. Fabietto Sorrentinoren alter ego lotsatia da, eta 80ko hamarkadako Napolin bizitza lasaia gainbehera dator gurasoak hil ondoren. Mutikoak mirari batetik ihes egiten duenean sentitzen duen nahasmena hartu du ardatz zuzendariak. Fabiettok ez zuen familiarekin joan nahi Napoliko futbol partida bat ez galtzeko eta bere idoloa, Diego Armando Maradona, ikusteko.
Zinemagileak bere aktore fetixearekin, Toni Servillorekin, lan egin du berriro. Servillok zinemagilearen aitarena egiten du.

Zuzendariaren ibilbidea
Paolo Sorrentinok (Napoli, Italia. 1970) L'uomo in più (2001) filmarekin Veneziako Cinema del Presente-n egin zuen debuta. Geroago, hauek zuzendu zituen: Le conseguenze dell'amore (2004); L'amico di famiglia (2006); Il Divo, Cannesko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea izan zen 2008an; This Must Be The Place (2011); La grande bellezza (2013) Cannesen izateaz gain, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria eman zion zinemagileari; Youth (2016) eta Loro (2018). È stata la mano di Dio filmarekin Veneziako Mostrara itzuli da. Horrez gain, The Young Pope (2016) eta The New Pope (2019) telesailak ere zuzendu ditu.

fp 690990 23945

Zinemaldiak aktoreak alfonbra gorrian eta pelikulak ikusteko aukerez gain, hainbat ekitaldi proposatzen ditu: lanen aurkezpenak zinema aretoetan eta egileekin solasaldiak, industriaren inguruko topaketak, klase magistralak... Horietako bat da Paolo Sorrentinorekin egingo den solasaldia. Joan den ostiralean (Zinemaldiko lehenengo egunean) goizeko 11etarako ez zegoen jardunaldi honetarako gonbidapenik, segituan agortu ziren. Filmak ere harrera ona izan du Donostian, pertsonaiak ondo landutako beste film bat dakar zuzendari italiarrak.