Izarok 'Limoiari eztia' dokumentala estreinatu berri du Zinebin

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria 2022ko aza. 15a, 14:50

Izarok “Limoiari eztia” dokumentala estreinatu zuen atzo Zinebin, Bilboko Dokumental eta film laburren nazioarteko jaialdian. 

Filma aurkezteko kantautore bizkaitarra eta Ander Merino, filmaren beste zuzendaria, gerturatu ziren BBK aretora. Txalo artean hartu zituzten ikusleek bai pelikula ikusi baino lehen eta baita ondoren ere. 

2022 11 15 butaka2

Izarok Anoetako Belodromoan, maiatzaren 7an, emandako kontzertuaren bueltan errodaturiko lanak samurtasuna aldarrikatzen du. Kontzerturako sarrera guztiak saldu zituen, 6.000 inguru eta ondorioz, belodromoa bete duen lehenengo emakumea izan da. Kontzertu horretarako bidean Izarok bizitzako erronkei buruzko hausnarketa egiten du.

2022 11 15 Izaro3

Filmak Izaroren bidaia emozionala jasotzen du, pertsona/artista bizitza aldaketari buruzko hausnarketak, bere buruarekin adostutako bake-itunak, lankidetza, zaintza eta samurtasunaren iraultza. Terapia gisa hartu du dokumentala eta Izarok azpimarratu duenez, helburua bere bizitzako zein parte azaleratu eta zein gorde behar duen erabakitzean jarri ditu indarrak. Dokumentalean, bere gogoeten bidez, emozionalki biluzten da.

2022 11 15 izaro4

Bost urte eskasean, abeslari gaztea Euskal Herriko artistarik ezagunetarikoa bihurtu da. Muga fisiko eta mentalak gainditu ditu, bere lurraldeko agertoki guztiak lehertzera arte. Eñaut Elorrieta, Amaral, Zahara, Rozalén, Xoel López, Alex Ferreira eta Daymé Arocena bezalako artistekin kolaboratu du, eta Paris, Helsinki, Mexiko Hiria eta Buenos Aires bezalako hirietan jo du. Dokumentalaren une batzuetan tristura eta nekea agertu duen bezala, gainerako artistekin hitz egiten duen uneetan, bere alaitasuna eta besteekiko maitasuna agerrarazi ditu. Film intimo honek bi alde ditu: batetik, gogoeta pertsonala eta bestetik, taula gaineko artistaren lana.

Trailerra: https://www.eitb.eus/es/cultura/musica/videos/detalle/9015255/te-presentamos-trailer-del-documental-izaro-limoiari-eztia-reivindicar-ternura/

Bilboko BBK aretoa bete zuen eta tartean baziren Anoetako belodromoko kontzertuan izandakoak ere. Filma, Zinebiko Bertoko begiradak sailerako sailkatua izan da. Datorren asteburua bitartean Zinebik bertoko eta kanpoko hainbat film eskainiko ditu, orotara, 148. Oraindik bada zer ikusi!