Erromeria, ...eta gehiago Azkuen

Barren 2024ko mai. 6a, 15:45

Familientzako erromeria egin zuten barikuan Azkueko ermita ondoko berdegunean, eta dantza egiteaz gainera hainbat jolasetan parte hartzeko aukera eduki zuten ume zein helduek. 

Antolatzaileek eskatu zieten moduan moduan, zelaian esertzeko manta eta antzerakoekin agertu ziren hainbat lagun eta arratsalde ederra pasatzeko aukera izan zuten Karakate magalean. Pozik daude antolatzaileak erromeriarako deiak izan zuen erantzunarekin eta inoiz baino lagun gehiago batu zirela oraingoan nabarmendu dute, "askotariko herritarrak eta adin tarte desberdinetakoak. Belaunaldi-arteko nahasketa polita eman zen", adierazi dute. 

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailak, Udal Ludotekarekin, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolarekin, Haritz Euskal Dantzari Taldearekin eta Sar Roke lokal sozialarekin batera antolatu du familientzako erromeria. 

Ludotekak eta Atxutxiamaikak jolasgune bat jarri zuten Azkueko berdegunean, umeek eta familiek material ezberdinekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera izan zezaten. Gero, Inguma erromeria gidatua eskaini zuten Haritz dantzari taldeko kideek. Une horretan euri pixka bat hasi zela azaldu dute eta zenbait lagunek alde egitea erabaki zutela. Edonola ere, geratu zirenak ere ez ziren gutxi izan eta ermitako arkupeetan jarraitu zuten dantza ikastaroarekin.