Itxura berritua du Iruiturrik

Barren 2024ko mai. 3a, 15:45

Kalamua mendiaren magalean dago Iruiturri iturria, Morkaiko mendi taldeak duela 76 urte han ipini zuenetik. Iturria eta honen inguruko aisialdi gunea zaharberritzeko eta txukuntzeko lanak egin dituzte Elgoibarko Udalak eta Debemenek.

Inguruko zuhaitzak inausi, sastrakak kendu eta iturriaren ur kanalizazio-sistema osorik garbitu dutela azaldu dute. Era berean, iturri aurrean dauden mahaiak eta eserlekuak zaharberritzeko lanak ere egin dituzte. 

76 urteko iturria

Kalamua eta Murkaiku mendien artean dagoen Oako-lauan eraiki zuen Morkaiko mendizale taldeak Iruiturriko iturria, taldearen fundatzaileetariko bat izan zen Jose Larreategi Cendoiaren omenez. 1948ko maiatzaren 16an inauguratu zuten iturria, orain dela 76 urte. Zarautzko Club Deportivo eta Markinako Alpino Artibay mendi taldeekin elkarlanean antolatu zuten festa giroko ekitaldian inauguratu zuten iturria, eta Euskal Herri osotik etorritako mendizalek hartu zuten parte garaiko egunkari batetako kronikan irakur daitekeen moduan. Markinako Karmeldarretako P. Eulalioren bedeinkapenarekin inauguratu zuten iturria. Ordurako zendua zen Larreategiren arreba Mariak ere hartu zuen parte ekitaldian eta baita garai hartako Morkaikoko presidentea zen Ignacio Conde Isasmendik ere. Mendizaleen festa egunak Aiastiako ermitan eduki zuen segida egun hartan, Elgoibarko parroko Jose Juaristik eman zuen mezarekin. Ez zen edonolako meza izan, Donostiako Schola Cantorum taldeko zenbait kidek 'Ave Maria' eta 'Liberame' abestu zituzten-eta, hildako Morkaikoko bazkideen omenez. Meza ostean, Finalista Eguneko dominak banatu zituzten, Gasteiztik etorritako txistularien laguntzaz. Espainiako Mendi Federazioko lehendakariordea zen Angel Sopeña Oruetak banatu zituen dominak. 1891n Bilbon jaioa, Sopeña aitzindaria izan zen eskaladan. 1924ko martxoaren 16an Urduñako Frideburu/Fraileburu lehen aldiz eskalatu zuen, Euskal Herriko lehen eskalada gauzatuz. 1925ean, berriz, Europako Mendietan dagoen Naranjo de Bulnes mendiaren gailurrera iritsi zen, alpargatak jantzita (oihalez eta kalamuzko zolaz egindako zapatilak). EMFko presidentea izan zen 1949tik 1958ra. Iruiturriri buruzko informazio osoagoa morkaiko.eus webgunean jasota dauka Morkaikok.

1948ko maiatzaren 16an inauguratu zuten Iruiturri iturria. Arg: Morkaiko M.E.

Iruiturri ingurua berritzeko lanak egin zituzten auzolanean,1954. urtean. Inguruak gaur egungoaren oso bestelako itxura zuen zuhaitzik gabe. Arg: Morkaiko M.E.