Sanloko harrobia, plazara

Barren 2024ko api. 30a, 12:09

Eskubaloia plazara atetatzeko ekitaldian parte hartu zuten lagunak. Arg: Sanlo EKT

Eskubaloia plazara ateratzeko ekitaldia egin zuen domekan Sanlo eskubaloi taldeak Kalegoen plazan.

9 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek hartu zuten parte eskubaloia gaztetxoei eta herritarrei gerturatzeko ekitaldian. Eguraldi eguzkitsua lagun, 70 bat lagunek hartu zuten parte. Giharrak berotzeko eta talde izaera sendotzeko ariketak egin zituzten gaztetxoek udaletxeko arkupeetan, eta elkarren aurkako partidak jokatu zituzten gero, Sanlokoek plazan prestatu zituzten bi joko eremuetan. 
Maiatzaren 10etik 12ra Donostian jokatuko duten Espainiako Erreginaren Kopa sustatzeko ekitaldia ere izan zen domekakoa. Herriz herri dabil Super Amara Bera Bera taldea eskubaloia herrietara zabaltzen eta Kopa girotzen. Hala, taldeko jokalaria den June Loidi elgoibartarrak eskubaloi jokalari gaztetxoekin pasa zuen goiza. Jardunaldiaren amaieran Loidiren eskutik oparia jaso zuten parte hartu zuten umeek, ura edateko boteila bat. 

*Argazkiak: Sanlo EKT.