Erloko tontorrera igo dira Mendi Federazioaren sorreraren mendeurrena gogoratzeko eta ospatzeko

Barren 2024ko api. 30a, 14:15

'100 urte, 100 mendi' egitasmoarekin bat egin zuten elgoibartarrak Erlo gainean. Arg: Rocio Beno.

Euskal Herri osoko ehun tontor igo dituzte asteburuan 116 medi taldetako kideek, tartean Morkaikokoek, 100 urte, 100 mendi egitasmoaren baitan. 

Morkaikok eta Euskal Herriko Mendizale Federazioak egindako deiari erantzunez, 75 mendizale elgoibartar batu ziren domeka eguerdian Erloko tontorrean. Antxitxika igo ziren batzuek, Kalegoen plazatik abiatuta, CATT Morkaiko trail taldeak antolatutako irteeran. Haurrak eta familiak, berriz, Aittolako parkinetik abiatu ziren oinez, 50 lagun guztira. Bi taldeak Erloko tontorrean elkartu ziren 12:00etan. Euren kontura igo ziren zenbait mendizale ere batu zitzaien tontorrean, 75 mendizaleko taldea osatuz. Talde argazkia atera zuten Erlo gainean, horixe baitzen 100 urte, 100 mendi egitasmoko helburuetako bat. 
Morkaikotik gogora ekarri dute amaitu direla aurtengoz Ikastolako eta Herri Eskolako gurasoekin elkarlanean antolatzen dituzten eskola umeentzako mendi irteerak. Umeek maiatzaren 11n izango dute elkarrekin mendian ibiltzeko aukera berri bat, Morkaikoren Egunaren barruan egingo duten Elgoibarko Itzulitxoan parte hartuta. 

CATT Morkaiko trail taldeko zenbait kide Erloko tontorrean. Arg: Rocio Beno.

100 urte, 100 mendi

Milaka mendizale batu ditu Euskal Herriko gailurretan 100 urte, 100 mendi egitasmoak. 116 mendi taldeetako kideak aurrez aukeratutako tontorretara igo dira, gailurretan talde argazki jendetsuak ateratzeko, eta era horretan herri honen kulturan hain erroturik dagoen mendizaletasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko.
Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak 100 urte beteko dituzte datorren maiatzaren 18an. Sortu, baturik sortu ziren Hego Euskal Herriko bi federazioak, -gaur egun Euskal Mendizale Federazioa eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa direnak-, eta mendeurreneko ekitaldiak eta ospakizunak ere elkarrekin ari dira antolatzen.

*Argazkiak: Rocio Beno