Elgoibarko Herriko Antzokiko beharginek hasiko duten grebaren ondorioz bertan behera geldituko dira hainbat ikuskizun

Barren 2024ko api. 10a, 15:29

Aisilan enpresa azpikontratatuta dauka Udalak Herriko Antzokian zerbitzua emateko, eta enpresarako lan egiten duten beharginek greba hasiko dute bihar. Hori dela-eta hainbat ikuskizun bertan behera geldituko dira, Pirritx, Porrotx eta Marimotsotsen ikuskizuna, esaterako.

Grebaren eraginez hainbat ikuskizun bertan behera geldituko direla jakinarazi dute Udaleko Kultura Sailetik. Bariku honetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eman behar zituzten 'Ez gara jaitsiko!' ikuskizunaren bi emanaldiak dira bertan behera gelditu den ikuskizunetako bat, Bertan behera utzitako emanaldirako sarrerak erosi zituztenek bi aukera izango dituzte: alde batetik, sarrerak gorde ahal izango dituzte ikuskizuna eskainiko den egunerako, eta bestetik, dirua itzultzea eskatu ahal izango dute. Udaletik zehaztu dutenez, lan-gatazka konpondu ondoren itzuliko dute dirua. Bide hori aukeratzen dutenek Herriko Antzokiko txarteldegira jo beharko dute, larunbatetan, 18:15etik 20:45era bitartean.
Era berean, zine emanaldiak ere bertan behera laga dituztela jakitera eman dute Kultura Sailetik.