HKT eskubaloi txapelketan txapeldunorde geratu dira Sanloko hiru jokalari Gipuzkoako selekzioarekin

Barren 2024ko api. 10a, 12:24

Hondarribia Kirol Taldea Eskubaloi Txapelketa beteranoaren 21. ekitaldian hartu zuten parte Sanloko hiru jokalarik joan den Aste Santuan. 

Infantil mailako lau talde lehiatu ziren nesken txapelketan: Txingudi, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa. Ane Aguirre, Haizea Luluaga eta Maria Amaro Gipuzkoako selekzioarekin aritu ziren eta finalera ailegatu ziren. Bizkaiko selekzioa izan zuten aurkari finalean eta galdu egin zuten. Ane Aguirre elgoibartarra izendatu zuten txapelketako atezain onena.

Ane Aguirrek Atezain Onenaren saria jaso zuen.

Kadeteak Anaitasuna Torneoan

Sanloko talde gehiago ere aritu ziren lehian Aste Santuan. Kadete mailako hiru talde, neskenak bi eta mutilena bestea (Urkunde, Neurri eta Astigarraga), Anaitasuna Torneoan lehiatu ziren. Iruñeako Anaitasuna eskubaloi taldeak antolatzen du gazte mailetako jokalarientzako nazioarteko txapelketa hori. Txapelketa honen helburuetako bat da eskubaloiko klubei aukera ematea liga txapelketetako azken txanpa prestatzea Aste Santuko etenaldian. Horrez gain, Iruñean egiten duten egonaldian beste hainbat aisialdi ekimenetan ere hartzen dute parte jokalari gazteek SCDR Anaitasunak dituen instalakuntzetan.