Etxeko eta zaintzako langileen eguna ospatu dute Lilan

Barren 2024ko api. 9a, 20:23

Martxoaren 30ean ospatzen da etxeko eta zaintzako langileen nazioarteko eguna, eta alor horretan diharduten herriko hainbat beharginek Lilan ospatu zuten, emakumeen etxean.

Gastronomia eta kultur aniztasuna izan ziren ospakizuneko osagai nagusiak, lau herrialdetako ikurrez eta jakiz osatutako mahaiak ipini baitzituzten Kolonbia, Nikaragua, Dominikar Errepublika eta Kongon jatorria duten elgoibartarrek. "Jende dezente gerturatu zen jaira, eta asko poztu gintuen bertan jaiotako herritarrak ere agertu izana herrialdeotako gastronomia dastatzera. Jan eta edateaz gainera, dantza pixka bat ere egin genuen elkarrekin. Ederki pasa genuen", azaldu du antolatzaileetako batek. Joan den zapatuan, apirilaren 6an egin zuten jaia, 15:00etatik 20:00etara bitartean, eta errepikatzeko gogoz gelditu dira. 
Halere, festaz aparte, etxeko eta zaintzako langileek gizarteari egiten dioten ekarpena ikusgarri egin eta "merezi duen balorea" ematea eskatu dute. "Egiten dugun lana aintzat hartzea nahi dugu, gure lana ikustaraztea".