Mankomunitateko behargin batek lanean ari zela jasandako erasoa salatu du LABek

Barren 2024ko api. 8a, 14:47

Debabarrena Mankomunitateko beharginak kaleak garbitzen. Artxiboko argazkia.

LAB sindikatuak salatu duenez, herritar batek fisikoki erasotu zuen lanean ziharduen Mankomunitateko behargina.

Erasoa martxoko azken astean gertatu zela zehaztu du LAB sindikatuak gertakaria salatuz kaleratu duen oharrean. "Berriki gertatutako erasoa urrats bat gehiago da langileek pairatzen duten babesgabetasun egoeran", adierazi du sindikatuak. Langileen aurkako mehatxuak urteetan zehar ohikoak izan direla gaineratu dute.
Egoera horren aurrean, “beste alde batera” begiratu eta “erabakirik hartu ez" izana egotzi die Debabarrenako Mankomunitateari eta Badesa enpresa publikoari, eta Mankomunitateko lehendakari den Ion Zubiaurreri zuzenduz, Mankomunitateari eskatu diote “langileak defendatzeko behar diren neurriak” hartzeko. Zehazkiago, sindikatuak eskatu du “protokolo bat” sortzea, “egoera horiek berriro gerta ez daitezen eta langileen laneko osasuna bermatzeko".