Mintxetako argiztapena berrituko dute

Barren 2024ko mar. 27a, 11:25

Mintxetako futbol zelaiko eta atletismo pistako argiztapena berritzeko proiektua lehiaketa publikora atera du Elgoibarko Udalak.

Udaletik jakinarazi dutenez, LED teknologiadun argiztapen berria jarrita argindarraren kostuan aurreztu nahi dute. "Instalatutako potentzian % 77 inguru aurreztuko dela espero dugu, mantentze-kostuetan eragin positiboa izango duela ere bai, eta energia-eraginkortasuna nabarmen hobetuko dela.
Simetrikoki jarritako lau argi dorretan ipiniko dituzte argi berriak: 1500W potentzia nominaleko 20 LED proiektore erregulagar. "Bigarren mailako eskualdeko lehiaketa-futbol-zelai baterako eta hirugarren mailako lasterketetarako atletismo-pista baterako berariazko baldintza eta preskripzio teknikoak beteko ditu argiztapen berriak", zehaztu dute.

Argiak kontrolatzeko eta errulatzeko sistema ere berrituko dute, "DALI driverekin komunikatzeko sistema bat" izango duena, eta horrek aukera emango du argi-baldintzak kirol-jardueren behar espezifikoetara egokitzeko. 
Argiztapen berria ipintzeko lanen aurrekontua 67.760 eurokoa da, eta lanak burutzeko epea lau hilabetekoa izango da, kontratua sinatzen den egunetik zenbatzen hasita.
Proiektu honetan parte hartu nahi duten enpresek Elgoibarko Udalaren Kontratatzailearen Profilaren bidez aurkez ditzakete eskaintzak, apirilaren 8ra arte (8a barne).