Gorka Bereziartua elgetarra gailendu da Aiastiako Bola Joko Txapelketan

Barren 2024ko mar. 25a, 12:54
Aiastiako tiraldiko lehen sei sailkatuak sari banaketan.

Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren 53. edizioko bigarren jaurtialdia jokatu zuten zapatuan, Aiastiako bolatokian.

Guztira 73 bolari aritu ziren lehian Aiastiako tiraldian eta Elgeta taldeko Gorka Bereziartua izan zen onena. Plenoa egitetik txirlo batera gelditu zen hiru jaurtialdietan 8 txirlo botata. Eibarko Asola Berri taldeko bi bolarirentzat izan ziren bigarren eta hirugarren postuak, 7 txirlo botata. Oier Ugarteburuk egin zuen bigarren eta Garikoitz Rodriguezek hirugarren. San Migel taldeko bolarientzat izan ziren laugarren eta bosgarren postuak. Angel Ibarluzea sailkatu zen laugarren, 6 txirlo boata eta Unai Loiola bosgarren, honek ere 6 txirlo botata. Floreaga taldeko Santos Muñoz azkoitiarra sailkatu zen seigarren postuan, eta hain justu ere, bera dago lehen postuan sailkapen nagusian. Muñozek 12 puntu ditu. Bere taldekide Erik Muñoz dago bigarren (11 puntu) eta San Migel taldeko Unai Loiola elgoibartarra hirugarren (11 puntu).

Emakumeen sailkapen orokorrean Elgeta B taldeko bolari Geaxi Ezpeleta dago lehen postuan, aurreneko bi jardunaldietan 4 txirlo botata, baina berdintasuna da nagusi sailkapenean, launa puntu baitituzte lehen lau sailkatuek, eta horietako bat da Aitziber Olaizola elgoibartarra. 
Taldekako sailkapen nagusian lehen postuan berdinduta daude zkoitiko Floreaga eta Elgoibarko San Migel A taldeak, biak 33 txirlorekin.

Hurrengo jardunaldia, hirugarrengoa, Elgetako bolatokian jokatuko dute, apirilaren 6an, 17:00etatik aurrera.