Joseba Etxeberriak luzatu egingo du Eibar futbol taldearekin daukan kontratua

Barren 2024ko mar. 19a, 15:40

Joseba Etxeberria Jorge Perez bigarren entrenatzailearekin eta Luis Prieto prestatzaile fisikoarekin. Arg: SD Eibar

Joseba Etxeberriak (Elgoibar, 1977) Eibar KE-rekin duen kontratua berritu eta luzatu du, 2025eko ekainera arte.

Entrenatzaile elgoibartarrak lehen denboraldia du Eibarren, eta Lehen Mailara igotzea lortuz gero zuzenean berrituko luke kontratua, baina akordio berriaren arabera, taldeak Bigarren Mailan jarraitzen badu ere, Etxeberria Eibarren entrenatzailea izango da hurrengo denboraldian.

Eibar KE-ren zuzendaritza pozik dago Etxeberriak egindako lanarekin zein taldeak eskaintzen duen jokoarekin, eta zaletuen onespena ere badu entrenatzaileak. Emaitzek ere lagundu diote elgoibartarrari, denboraldia amaitzeko 11 partiduren faltan taldea laugarren postuan dagoelako, igoera fasea jokatzeko postuetan, liderrarengandik lau puntutara eta bigarren sailkatuarengandik puntu bakarrera.