Merkatu Plazarako eredu berria proposatu du EH Bilduk, eguen goizei bizia emateko eta lehen sektorea indartzeko

Barren 2024ko mar. 13a, 13:32

Elgoibarko EH Bilduk uste du merkatu plazari buruzko hausnarketa egiteko unea dela, Osakidetzak Merkatu Plaza dagoen eraikinean osasun zentro berria eraikitzeko proiektua iragarri eta gero.

Eguen goizak bereziak direla Elgoibarren dio koalizioak, herritar ugarik eta baita inguruko herrietakoek ere ohitura dutelako egun horretan erosketak egiteko. Azken urteetan, baina, merkatu plaza "gainbeheran" dagoela diote, eta aukera bat zabaldu nahi diotela ostegun goizei eta lehen sektoreari: "herrian baserriko lanetik bizi diren baserritar gutxi egon arren inguruetatik etorri daitezke eta baita nekazari berriak erakarri ere, batak ekartzen du bestea, bi norantzatan", adierazi dute. Azpeitiko merkatu plazaren eredua aintzat hartu dute beraien proposamena lantzeko. "Martitzen goizero 43 postu kokatzen dira bertan, Azpeiti, Urola eta Gipuzkoatik etorriak eta itxarote zerrenda dago gainera. Elikagunea proiektu kooperatiboa ere han dago, bertoko produktuekin egunero zabalik dagoen janari denda dauka, eta baita sukaldea eta dastaketa zein heziketa gunea ere. Bertan zortzi langile/bazkide eta 400etik gora bazkide kontsumitzaile dituzte, kudeaketaz arduratzen den Artxara kooperatibaren bidez. Horretaz gain herriko hainbat jantoki kolektibotara: eskola, enpresa, e.a. bertoko produktuak banatzen dituzte. Sukaldearen bidez etxera eramateko plater prestatuak eskaintzen dituzte, herriko ekitaldietarako otordu zerbitzu integrala, sukalde ikastaroak, dastaketak eta abarrak", azaldu dute Azpeitiko merkatu ereduaz.

EH Bilduk dio Udalek nekazaritza gaietan eskumen gutxi dituztela, baina gertuko erakundeak izanda uste dute tresna garrantzitsuak izan daitezkeela baserritar, herritar eta entitateen artean elkarlana eta sinergiak bultzatzeko. "Merkatu plazaren bueltan lehen sektorearentzat eta ingurunearentzat aurrerapauso garrantzitsuak lortzea posible dela ikusi da, besteak beste baserritarren ekoizpenak handitu eta egonkortzea, prezio duinak erraztea, herritarrei oso gertuko elikagai ezagunak eskaintzea eta ekoizpenari buruzko informazioa zuzenean jakiteko aukera ematea, 0 kilometroen bidez elikagaien ohiko garraioa ikaragarri murriztea, gure paisaia, elikadura ohitura eta kulturan eragin positiboa izatea eta baserritarren errekonozimenduan sakontzea".

Elgoibarko Udal gobernuari proposamena modu eraikitzailean luzatu nahi dio EH Bilduk, gai hau elkarrekin landu eta garatzeko. "Gisa honetako baserritarren merkatu batek lehen sektorean, ingurugiroan eta tokiko ekonomian eragin positiboa izateaz gain, mesede egingo lioke Elgoibarko herri giroari, erdialdeko merkataritzari eta ostalaritzari".