Karakate Egunak, egitarau osoa

Barren 2024ko mar. 11a, 16:19

Herriko eragile askorekin elkarlanean antolatu du Karakate Eguna Karakate Bizirik taldeak.

Zapatuan, martxoaren 16an, egingo dute Karakate Eguna, eta egitarauaren berri eman du Karatate Bizirik taldeak. 

Egun osorako egitaraua prestatu dute Kalegoen Plazan eta Maalan egingo dituzten ekitaldiekin. Hasteko, 10:30etik aurrera rokodromoan ibili, eskulanetan aritu edo hainbat jolas egiteko aukera izango da Kalegoen plazan. 12:30etik aurrera, trikitilariek eta dantzariek girotuko dute plaza, eta 13:30ean erraldoiek eta dulrzaineroek hartuko diete lekukoa. Kalegoen plazatik irten eta kalejiran joango dira Maalako parkeraino. Maalan, performancea egingo dute Taupada Antzerki Taldekoek, 14:30ean. Horren ostean, bazkaria egingo dute Maalan.
Arratsalderako eta iluntzerako musika eskaintza zabala prestatu dute. 19:00etan hasita Gabi eta Alfonso bikoak eta Kitziki taldeak emango dute kontzertua. Gauean, 22:30etik aurrera, hiru taldek emango dute zuzenekoa: Los Del Garaje, The Pladures, The Jacintones. 

Karakateko zentral eolikoaren proiektua bertan behera geratu izana herri osoaren lorpena izan dela adierazi dute Karakate Bizirik plataformatik, eta hori ospatzeko asmoz antolatu dute Karakate Eguna. Nabarmendu dutenez, herriko talde eta eragile ugariren laguntza jaso dute, besteak beste: Taupada, haritz EDT, Aizu! ostalarien elkartea, Elgoibarko dultzaineroak eta trikitilariak, Morkaiko M.E., Erbuze konpartsa, CATT Morkaiko taldea edo Egur arte tailerra.