Herrian erostera bultzatzeko beste kanpaina bat abiatuko du Elgoibarko Udalak

Barren 2024ko mar. 6a, 14:34

Herrian erostera bultzatu nahi ditu elgoibartarrak Elgoibarko Udalak, eta horretarako Elgoibar Bizi-bizixa kanpainaren hamargarren edizioa iragarri du.

Orain, lehenengo, herriko dendariei egin die dei kanpainara batzeko eta apirilaren 19ra arteko epea eman die interesa dutenei izena emateko. Eskaera telematikoki egin behar dute Elgoibarko Udalaren webgunean sartuta: elgoibar.eus (diru laguntzen atarian sartu, eta eskuragarri dagoen inprimaki espezifikoa erabilita). Udalak 30.000 euroko inbertsioa egingo du kanpainan eta 4.000 bonu komertzial banatuko ditu. Kanpaina honen baitan, herritarrek %25eko deskontua izango dute kanpainarekin bat egin duten dendetan apirilaren 30a bitartean egindako erosketengatik.

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak adierazi duenez, herriko dendetan kontsumo eta erosketa ohiturek aldaketa "nabarmenak" izan dituzte azken urteotan, batez ere merkataritza elektronikoaren eta kate handien hazkundeagatik. "Elgoibar Bizi-Bizixa kanpaina tokiko erosketak suspertzeko eta udalerriko dendei laguntzeko Udalak egiten duen ahalegina da. Bonuen bidez, enpresen eta herritarren arteko harremana sendotu nahi dugu, kontsumitzaileengan konfiantza eta gogobetetasuna sortuz. Kanpaina honek, gainera, Elgoibarko kaleetako giroa biziberritu eta herritarren artean aktibazio mugimendua sortu nahi du”, adierazi du.

Bederatzi kanpainak, zenbakietan

Bizi-Bizixa bono kanpainaren aurreko bederatzi edizioetan 370.000 euro ipini ditu Udalak, eta diru horrekin 40.350 erosketa bono atera zituzten. Bederatzi kanpainek 1.427.162,33 euro mobilizatu dituztela jakinarazi du Udalak. "Zuzenean eragiten die bai herritarrei bai merkatariei, modu benetan positiboan", esan du Gurrutxagak.