Umeentzako zuhaitz landaketa saioa antolatu dute otsailaren 17rako

Barren 2024ko ots. 12a, 15:41

Umeentzako zuhaitz landaketarekin hasiko dute gure natura ezagutzeko herriko hiru eragilek antolatu duten egitasmoa, zapatu honetan.

Morkaiko Mendizale Elkarteak, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi sailak eta Elgoibarko Baso Biziak elkarteak beste zenbait herritarrekin batera prestatu duten 'Natura ezagutzen' egitasmoaren baitan egingo duten estreinako ekimena izango da umeentzako zuhaitz landaketa saioa. Muskiritzuko magalean dagoen eta lagapen akordio bidez lortu duten lursail bateanegingo dute landaketa, eta parte hartzera animatu dituzte herriko haurrak.
Sallobenteko aparkalekuan elkartuko dira zapatuan, hilak 17, 9:30ean. Han, batuko diren lagunak autoetan antolatu eta landaketa lekura joango dira ibilgailuetan. 12 urtetik beherako haurrak heldu batek lagunduta joan beharko dutela ohartarazi dute. Gomendatu dute mendiko edo euritako botak eramateko, eta ura ere norberak berea eramatea. Aldiz, antolatzaileek jarriko dituzte landaketarako beharrezkoak diren erremintak eta eskularruak. 
Era berean, lanak bukatutakoan mokadua ere banatuko diete parte hartzaileei. Iaz ere egin zuten era honetako deialdia eta 100 boluntariok hartu zuten parte.