Inauteriak 2024

Musikarekin eta dantzan hasi dituzte inauteriak Elgoibarren

Barren 2024ko ots. 9a, 09:24

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolakoek jaurti dute Elgoibarko inauteriei hasiera emateko txupina.

Eskolako leiho batetik egin zuten txupinazoa musika eskolakoek. Bertso eskolako ikasleek inauteriei ongi-etorria emateko bertso sorta abestu zuten lehenik eta txupina jaurti zuten gero, mozorrotutako hainbat lagun kaletik begira zituztela.

Txupina bota eta bat hasi zen Beti Sua txarangak gidatu zuen kalejira. Hego haize zakarra eta euria ere batu ziren kalejirara eta nahi izango luketena baino azkarrago egin behar izan zuten Maalako parkerainoko bidea. Han, emanaldia emateko prest zegoen eskolako Gazteen Banda. Zenbait abesti jo ostean, ikasleek "Mi vida es un Carnaval" kantuarentzako prestatua zuten koreografia ere dantzatu zuten. Maalatik Kalegoen plazaraino joatea zen asmoa, baina eguraldiagatik ekitaldi guztia Maalako aterpean egitea erabaki zuten, eta Beti Suakoek eman zioten amaiera Eguen Zuri eguneko ospakizunari.