Elgoibartarren artean dagoen etxebizitza eskaria ikusita, eta, batez ere, Etxebiden izena emanda dutenen zerrenda luzeari erreparatzen badiogu, arraroa da etxebizitza babestuen zozketa honetara 12 lagun bakarrik aurkeztea. Herritar bat baino gehiago etorri zaigu informazio eske eta kalean bolo-bolo dabil jendearen artean. Badakigu haserre bat baino gehiago ere badela. Informazioa behar bezala ez dela zabaldu da gehienen kexa.
Iragarkia non argitaratu zen
Iragarkia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, GAOn (irailaren 6an), Etxebideko web gunean eta El Mundo egunkarian (irailak 5) argitaratu zen.
Ikus hemen:
*Bazkideak Erakartzeko Etxebizitza Kooperatibak Argitaratutako Iragarki Berria
(Iturria: Etxebide, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saila)
12 lagun bakarrik aurkeztu ziren
Azpilicueta Aholkuraritzara (Aizkorri kooperatibaren ordezkaritza) jo dugu Donostiara, eta bertako arduradunek azaldu digutenez, "12 lagun bakarrik aurkeztu ziren Aizkorri Kooperatibak eginiko bazkideak erakartzeko deialdira. Epea urriaren 9an amaitzen zen eta urriaren 8an etxe kopurua baino jende gutxiago zegoen izena emanda" argitu digute harriduraz. Urriaren 9an (izena emateko azken eguna) 12 pertsonek osatu zuten zerrenda.
Etxe bat kooperatibako presidentearentzat
"Zozketatutako etxeetako bat kooperatibako presidenteari zegokion eta beste etxe bat minusbaliatu fisiko batentzat moldatuta eraikiko dute. Azken honetarako inork ez du izenik eman". Hautagaiak Etxebideko zerrendetatik aterako dituztela ziurrenik gaineratu digute. Laburbilduz; izena eman zuten 12 lagunetatik 2 itxaron zerrendan geratu dira eta gainontzeko 10 lagunei eta kooperatibako presidenteari etxe bat tokatu zaie.
Noizko eraikiko dira
Eraikuntza lanak lehenbaitlehen hasteko asmoa dute eta 18 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute, Azpilicueta aholkularitzatik adierazi digutenez.