Nestor Perezen lan batek iragarriko du Instrumentu Taldeen VI. Lehiaketa

elgoibarren.net 2006ko aza. 20a, 12:10

Nestor Perez eibartarraren lan batek irabazi du, bigarren urtez jarraian, Inazio Bereziartua Musika Eskolak antolatutako kartel lehiaketa. 2007ko martxoaren 10ean egingo den “Elgoibarko Herria” Instrumetu Taldeeen VI. Lehiaketa iragarriko du Eibarko arkitekto honen lanak. 300 euroko saria jaso zuen.

Sei lan aurkeztu dira aurten Kartel Lehiaketara. Bereziartua Musika Eskolako arduradunek azaldu dutenez, “irabazlea aukeratzeko zalantzarik ez dugu izan aurten. Iaz, kalitate handiko lanak aurkeztu ziren eta bat aukeratzea gehiago kosta zitzaigun”.

“Sormena” izeneko lana

1706642010723 Nestor Perezen lan batek iragarriko du Instrumentu Taldeen VI. Lehiaketa

Zuri-beltzean eginiko lan originalari “Sormena” izena jarri dio Nestor Perezek. Lanbidez arkitektoa da eta diseinu grafikoa, berriz, bere zaletasun nagusietako bat. “Batzutan lehiaketetan parte hartzea animatzen naiz”. Animatu bakarrik ez, azken urteetan sari bat baino gehiago irabazi ditu, Ondarroan eta Eibarren, esaterako. Elgoibarko lehiaketei ere neurria hartua die, iazko Danborradako kartel iragarlea ere berak diseinatutakoa baitzen.