"Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun Plana" aurkeztu du Udalak

elgoibarren.net 2006ko aza. 29a, 09:51

Prentsaurrean aurkeztu zuen Udalak Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun Plana. Udaleko barne antolamenduan emakumeen eta gizonen egoera zein den jakiteko diagnosi bat egin da, eta, diagnosi hori abiapuntutzat hartuta, osatu da plana. Arantza Madariaga, Emakundeko idazkari nagusiaren babesa jaso zuen planak aurkezpenean.

→Ikus hemen, Marivi Agirregomezkorta alkateak planaren aurkezpenean irakurri zuen testua.
Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun Plana (PDF)
Iturria: elgoibar.org

Bi urterako plana izango da
Udalaren eta Debegesaren artean egin dute Gizon eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako Plana. Udal barnean berdintasunerako plana garatzeko helburuarekin, 2007 eta 2008 urteetan jarraituko diren lan ildoak adostu dituzte.
Erakunde publikoetako langileak sentsibilizatzea eta trebatzea izango da helburu nagusienetakoa. “Irudia eta hizkera zaintzea eta betidanik gizonezkoentzat izan diren erabaki guneetan emakumeen partaidetza bermatzea izango dira, besteak beste, plan horren bidez bultzatu nahi ditugun alorretariko batzuk”. Marivi Agirregomezkortaren berbetan.
Udaleko arduradunen ustetan, “erabakiak hartzen dituztenen artean oreka dagoenean baino ez da lortuko Udalaren baliabideak zuzen banatzea. Izan ere, Udalaren barruan erabakitzen baita dauden baliabideak nola banatu behar diren zehazten duen politika”.

1706642005030 "Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun Plana" aurkeztu du Udalak

1706642005066 "Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun Plana" aurkeztu du Udalak

Planaren ezaugarriak:
• Bi urteko indarraldia izango du.
• Denen partaidetzarekin egin da.
• Plan irekia eta malgua da.
• Ebalua daitekeen plana da.
• Udalaren barne antolamenduari zein udalerriari eragiten dion plana da, eta hasiera batean, konpromiso politikoa eta teknikoa eskatuko ditu.
• Udalak ez dauka gai horretarako zinegotzi berezi bat izendatzeko asmorik. Legegintzaldi hau amaitu bitartean Marivi Agirregomezkorta alkateak hartuko du bere gain plana betetzeko konpromisoa eta erantzukizuna.

Herritarren eskura
Norbaitek, diagnosia edo planari buruzko xehetasunak jaso nahi baldin baditu, Udalera jo dezake informazio eske.

Emakunderen ikuspuntua
Arantza Madariaga, Emakundeko idazkari nagusiak eta Gautegiz-Arteaga herri bizkaitarreko alkateak, Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Legea (PDF) eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana (PDF) izan zituen hizpide.