Uxue Alberdik irabazi du Errenteriako Xenpelar Bertso Saria

elgoibarren.net 2006ko abe. 11a, 10:25

Errenteriako XIX. Xenpelar Sariko txapela jantzi zuen Uxue Alberdi, 22 urteko elgoibartarrak. Kazetari eta idazle gaztea bertso paper eta literatur lehiaketak irabaztera ohituta dagoen arren, honakoa izan da bat-batekoan lortu duen estreinako txapela, izan ere, apirilean hasi zen jendaurrean bertsotan. (Elkarrizketa barruan).

 
   
 
 
Euskal Herri osoko 12 bertsolari gaztek (18-24 urte bitartekoak) hartu dute parte XIX. Bertsolari Gazteen Xenpelar Sarian. Bi kanporaketa egin ostean, abenduaren 1ean bata eta abendaren 5ean bestea, 6 bertsolari onenek kantatu zuten Errenteriako Niessen aretoan jokatu zen finalean. Lehen kanporaketako irabazlea, gainera, Uxue Alberdi bera izan zen. Abenduaren 8an jokatu zen finala, Juan Frantzisko Petriarena, Xenpelar (1835-1869) bertsolari handia izandakoa hildako egun berean, hain zuzen.
Oiartzabal eta Alberdi buruz-burukoan
Finaleko lehen fasean 12na bertso kantatu zituzten bertsolariek eta Uxue Alberdi eta Arkaitz Oiartzabal nabarmendu ziren. Biak pasa ziren buruz-burukora eta puntuaketari erreparatuz gero, epaileek ez zuten zalantzarik eduki irabazlea aukeratzeko: 754 puntu lortu zituen Alberdik eta 724.5 batu zituen Oiartzabalek.
 
Xenpelar Sariko finaleko sailkapena
1-Uxue Alberdi
2-Arkaitz Oiartzabal
3-Unai Muñoa
4-Ander Lizarralde
5-Oihana Bartra
6-Beñat Gaztelumendi

Bertsolari gazteentzat erreferentzia garrantzitsua da Xenpelar Saria, eta bertsolaritzako izen ezagunek jantzi dute txapela txapelketa prestigiotsu honetan: Juan Mari Narbaiza, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Perez Euskitze, Jon Sarasua, Jokin Sorozabal, Narbarte, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Miren Artetxe eta Iñaki Apalategi. Hauetatik bi aldiz irabazitakoak ere badira.
 
ELKARRIZKETA
Ikus hemen Uxue Alberdik, txapela irabazi ostean, eskaini digun elkarrizketa laburra:
 

1706642000322 Uxue Alberdik irabazi du Errenteriako Xenpelar Bertso Saria

 
-Lehenik eta behin, Zorionak Uxue. Nola ikusi zenuen zure burua Xenpelar Bertso Sariko finalean?
    Ez nuen txapela janzterik espero, inola ere. Neuk hartu nuen ezustekorik handiena. Oso urduri hasi nuen saioa, eta zozketan ere neuri egokitu zitzaidan kantatzen hastea. Aretoan zeuden 220 lagunen aurrean barregarri ez geratzea zen nire helburua. Bat-bateko bertso saio baten aurrean, finala bada are gehiago, ez dakizu gauzak nola aterako diren, ze egun edukiko duzun, eta segurtasun falta horrek sortzen du urduritasuna. Puntutako bigarren ariketatik aurrera lasaitu nintzen eta gustura egin nuen bertsotan. Finaleko bertsolari guztiak ezagutzea ere lagungarria izan zen, finala ere lagun arteko saio moduan hartzen saiatu nintzen-eta. Alabaina, buruz-burukorako sailkatu nintzela jakin nuenean, orduan bai, orduan itzuli ziren urduritasunak. Pentsa, doinuak ere ahaztu zitzaizkidan-eta! Albokoari galde egin behar izan nion Mainontziaren doinuaz.

-Zure saioko ze bertsorekin geratzen zara?
    Ofiziotan ibili nintzela txukunen uste dut. Zortziko txikian Oihana Bartra, nire lagunarekin, tokatu zitzaidan eta zinemara joan ginen bi itsuren papera antzeztu genuen. Zortziko Handian, berriz, Beñat Gaztelumendirekin aritu nintzen. Bera etorkizuna iragarri eta asmatu zidan astia zen eta berarengana bigarren aldiz zihoan bezeroa ni. ETB 1eko Hitzetik Hortzera saiokoek finala grabatu zuten eta bertso batzuk telebistaz botako dituztela uste dut, noiz izango den ez dakidan arren.

-Noiz hasi zara jendaurrean bertsotan?
    Duela gutxi hasi naiz. Plazatik Gaztetxera Txapelketan egin nuen nire jendaurreko estreinako bertso saioa joan zen apirilean. Bertso Eskolan, berriz, karrerako 2. urtean hasi nintzen Santutxuko Bertso Eskolara joaten. Dena dela, azken bolaran leku dezentetan ibili naiz bertsotan.

-Txapela irabaztea aurrera jarraitzeko pizgarria izango da, ezta?
    Bai, oso gustura nabil bertsotan. Jende askok pentsatzen du bertsotan aritzea lan nekeza dela, burua asko nekatu beharko dela, baina niretzat jolas bat da. Beste batzuk erlaxatzeko igerian egitera joaten diren moduan joaten naiz ni bertsotara. Asko gustatzen zait sortzen den lagun giroa ere eta lagun berri asko egiteko aukera eman dit bertsoak. 
 
Informazio gehiago: