Butano bonbona bat erabiliz lapurtu dute Azkue Argazkiak dendan

elgoibarren.net 2007ko urt. 3a, 14:04

Butano bonbona batekin erakusleihoa txikitu eta 10 argazki-kamera digital eta bi segapoto lapurtu zituen ezezagun batek Azkue Argazkiak dendatik. Urtarrilaren 1ean, gaueko 23:30ak inguruan izan zen lapurreta, eta lekukoak egon baziren ere, ezin izan zuten ezer egin lapurra atzemateko.

 
 
 

1706641966470 Butano bonbona bat erabiliz lapurtu dute Azkue Argazkiak dendan

Zarata itzela atera zuen lapurrak bonbonarekin erakusleihoa bortizki kolpatzearen ondorioz, eta auzoko bat baino gehiago ohartu zen gertatzen ari zenaz” San Bartolome kalean dagoen negozio ezagun honetako arduradunen berbetan “goian bizi den nire senide bat oinetakoak janzteko astirik gabe atera zen kalera danbatekoak entzun orduko, baina, ezin izan zuen lapurra harrapatu”.
 
Bitartean, beste auzoko batzuek udaltzainak eta Ertzaintza deitu zituzten. Zoritxarrez, guardian zebiltzan udaltzainak Altzolan suertatu ziren eta Ertzaintzak gertatutakoaren atestatua jaso besterik ezin izan zuen egin.
Gizonezkoa eta bakarrik 
Burua estaltzeko txapel bat jantzita zeraman arren, gizonezko bat izan zela uste dute lekukoek, eta bakarrik aritu zen susmoa daukate. Egitekoak, alabaina, azkar demonio egin zituen: beira lodia txikitzeko erabili zuen bonbona hutsa opari gisa laga eta 10 kamera eta bi segapoto soinean zituela alde egin zuen santiamen batean.
Nahi baino esperientzia handiagoa lapurrekin
Ez da Azkuetarrek jasaten duten lehen lapurreta “aurrez denda eduki genuen lekuan behin baino gehiagotan jasan genuen lapurren bisita, baina hona aldatu ginenetik estreinako aldia izan da. Udako oporrak edo Gabonak moduko egun seinalatuak aukeratzen dituzte lapurrek”. Horrelakoetan esperientzia izanagatik, lapurrak aukeratu zuen orduak eta erremintak txundituta dauzka, “jai egun bat izanik, gaueko 23:30etan jendea kalean ibiltzea ez baita horren arraroa”.
Lapurtutako produktuak erosteari buruzko gogoeta 
Amaitzeko, horrelako produktuak merkatu beltzean erosteak egin dezakeen kalteaz gogoeta egin digute lapurtutako dendako jabeek: “Lapurtutako gauzak saltzeko merkatua egon badagoelako egiten dira horrelako lapurretak. Hala ere, lapurrak ez du onura gehiegirik aterako, lapurtutako kamerei osagai garrantzitsu gehienak –bateria, konexio kableak, e.a- falta zaizkie-eta. Segapotoak ere berehala baliogabetu genituen eta ezin izango diete probetxurik atera".
 
Ez da lapurreta bakarra izan Elgoibarren
Honakoa ez da urte amaiera honek Elgoibarren laga duen lapurreta bakarra izan. Abendu hasieran Sallobente (Ermuaran) eta Urruzuno bailarako 3 baserrietan ere sartu baitziren lapurrak.