“Zazpi Giltzak” liburua idatzi du Pedro Agirregomezkortak

elgoibarren.net 2007ko urt. 5a, 12:41

Elgoibarren jaio, baina 7 urterekin Eibarrera bizitzera joan zen Pedro Agirregomezkorta “Petrus”i 75 urterekin argitaratu diote lehen liburua: “Zazpi Giltzak”. Elgoibarko Errosario kalean bizi diren Aitor eta Itziar anai-arrebak dira Euskal mitologian barneratzen den gaztetxoenei zuzenduriko eleberriko protagonistak. Euskaraz eta gazteleraz kaleratu da.

 


Sinopsi laburra
Aitor 16 urteko nerabea da. Egun batez, Itziar bere arrebaren laguntzaz, Erlo mendira igotzen ari direla, arrastorik laga gabe, bat-batean, desagertuko da Itziar Izarraitzko parajeetan. Arrebaren bilaketa nekaezina hasiko du orduan Aitorrek. Ez bakarrik, ordea, 3 ipotx eta oilo erraldoi baten laguntza jasoko baitu. Oiloaren gainean bidaiatuz; Anboto, Izarraitz, San Juan de Gaztelugatxe edo Gorbea moduko leku magikoetatik igaroko da. Izan ere, euskal mitologia, magia eta ironia uztartzen ditu Pedro Agirregomezkortaren estreinako nobelak.

Elgoibarren girotua
Zazpi urte bete zituen arte Elgoibarren bizi izan zenez, autoreak Elgoibarren kokatu du protagonisten bizilekua. Hala, Aitorren aitak muntatzaile moduan egiten du lan lantegi batean.

Antxon Narbaizak euskaratu du
Pedro Agirregomezkortaren lagun zahar bat, Antxon Narbaiza eibartarra, arduratu da “Zazpi Giltzak” eleberriaren euskarazko bertsioaz. Agirregomezkortak Ipurbeltz komiki mitikorako hainbat ilustrazio egin izan ditu urte luzetan “Petrus” ezizenpean, eta Narbaizarekin elkarlanean jardun izan du hainbatetan. Liburuan ageri diren ilustrazioak ere, nola ez, Agirregomezkortak berak egin ditu.
 

P. Agirregomezkorta (ezkerrean) eta Antxon Narbaiza

 

Laster bigarren zatia
Amaiera irekia du “Zazpi Giltzak” eleberriak, alabaina, prest du autoreak istorioa itxiko duen bigarren zatia. Bizkaia Araba, batez ere, eta Gipuzkoako mitologian oinarritu da lehen zati honetan eta bigarrengoan, Gipuzkoa eta Nafarroako txoko magikoetara eramango du Aitor.

Liburutegietan salgai

Edicionesbeta argitaletxearekin kaleratu den liburua liburutegietan eskuratu daiteke eta 12 urtetik gorako irakurleei zuzenduta dago.