Udaberrian hasiko dira Meka proiektuko eraikin berria egiten

elgoibarren.net 2007ko urt. 8a, 12:24

Meka proiektuaren helburua: karrozatu/karenatuan erreferentzia izan nahi duen makina erremintaren alorreko ikasgunea eraikitzea da. Udaberrian hasiko dira Albitxuriko industrigunean eraikin berria egiteko lanak eta 2008. urte amaierarako lanak amaitzea espero dute.



Elgoibarko BHIren ekimena da Meka proiektua, eta berau hartuko duen eraikin berria egiteko 18 hilabetetako epea izango du enpresa eraikitzaileak, udaberritik aurrera.
Aurrekontua:
• Eraikina egiteko lanak (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak)    4.652.808,19 euro
• Obra Zuzendaritza                                                             123.408,59 euro
• Lursailak (Bestelako erakunde eta enpresek)                          996.332 euro
 
Meka Proiektuaren helburuak

Proiektu honen helburua karrozatu/karenatuan erreferentzia izango den ikasgunea eraikitzea da. Enpresarekin harreman iraunkor eta estuan oinarritutako lanerako filosofiarekin, espiritu ekintzaile eta berritzailearekin, lanbide berrien eskaerak asebete eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko gai izango diren profesionalak presta ditzan.
 
Aspalditik datorren proiektua
2003. urtean hasi ziren Meka proiektuaren lehen zutabeak jartzen. Proiektu hau egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zera eskatzen zuen: Meka gunea eraikitzeko lurra Elgoibarko BHIk jartzea. Gauzak horrela, 2003ko azaroaren 11n eskrituratu zuten Elgoibarko Institutuko Ikasle Ohien Elkartearen (IOE) izenean Albitxuriko eremu industrialean dagoen 3.978 m2ko lursaila. Ondoren, IOEk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eman zion lursail hori, 2005eko abenduaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAO) argitaratuta ikus daitekeen moduan.

3 solairuko eraikina
Eraikin berriak 3 solairu izango ditu, 3.894 m² hartuko ditu guztira, eta Albitxuriko industrigunean kokatuta egongo da, D lur-zatian, hain zuzen ere.
 

1706641951306 Udaberrian hasiko dira Meka proiektuko eraikin berria egiten

 

1706641951340 Udaberrian hasiko dira Meka proiektuko eraikin berria egiten