Udalak ETAren azken atentatua gaitzestea onartu du

elgoibarren.net 2007ko urt. 8a, 13:42

Elgoibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, urtarrilaren 5ean egindako bileran, ETAk Madrileko Barajas aeroportuan egindako atentatua gaitzestea onartu zuen. EAJ-PNV, EA, PSOE eta EB alderdi politikoen onarpena jaso zuen eta PP alderdiak ez zuen bat egin. Ikus barruan Udalak onartutakoa.





Elgoibarko Udalak, bere izenean eta erkidegoko herritarren ordezkari bezala, hauxe erabaki du:
 
1.- Joan den abenduaren 30ean ETAk Madrilgo aireportuan (Barajas) egindako atentatu terroristaren aurrean, samina erakustea eta atentatua gaitzestea.

2.- Kaltetutako eta zauritutako herritar guztiei babesa, elkartasuna eta adiskidetasuna adieraztea, eta bereziki hilda aurkitu dituzten Carlos Alonso Palate Jaunaren eta Diego Armando Estacio Jaunaren familiei, beraien lagunei eta saminak ukitutako komunitate latinoamerikar osoari.

3.- Berriz ere adieraztea ETAk giza eskubideen aurka eta erakunde biolento gisa irauten duen bitartean egiten dituen ekintzek Euskadiko herritarrek demokrazian eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzeko duten borondatea eta konpromisoa mesprezatzen dutela.

4.- Ezker Abertzaleari eskaera egitea ekintza terroristetatik aldendu dadin; izan ere, ETAren desarmearekiko konpromiso sinesgarri batek (frogatu eta egiaztatu daitekeena) baino ezin du ahalbidetu bakea eta askatasuna lortzea. Gizarteak eskaera egiten dio Ezker Abertzaleari, tutoretzarik gabe, bere proiektu politiko propioa defendatzeko gai izan dadin, politikaren bitartez soilik.

5.- Berriro adierazi nahi dugu bakearen bilaketan eta bizikidetza politikoan izan beharreko lidergoa herritarrek legez aukeratutako erakundeei dagokiela. Hori adostasunean oinarrituta egin behar da, Zuzenbide Estatuaren printzipioekiko koherente jokatuz eta Herrialdeko sentsibilitate politiko desberdinen konpromisoak gatazkatik eta alderdien arteko interesetatik baztertuz.

6.- Euskadiko herritarrei deia egitea, era aktiboan parte har dezaten bakearen eta normalkuntza politikoaren aldeko gizarte-partaidetzako ekimenetan, beti ere, printzipio hauetatik abiatuta: batetik, demokraziaren, askatasunaren eta giza eskubideen babesaren defentsa, eta, bestetik, erakunde publikoen eta alderdi politikoen esku utzitako zereginaren aintzatespena eta errespetua.”