"Baketik" Arantzazuko Bake Zentroak Debabarrenako 50 boluntario behar ditu

elgoibarren.net 2007ko urt. 9a, 10:00

Baketik Zentroak gatazkei etikoki aurre egiten ikasteko ikastaroak emango ditu Arantzazun, urtarril honetan. Hau dela eta, prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko prest leudekeen Debabarrenako 50 boluntario behar ditu. Bakegintzarako Zentro honen helburuetako bat, 2008a baino lehen berradiskidetzako 2.000 eragile trebatzea da, bizikidetzarako efektu biderkatzailea eragiteko.





• Jonan Fernandez Zentroko zuzendariak, proiektuaren aurkezpen hitzaldia eskainiko du gaur, hilak 9, arratsaldeko 19.00etan Eibarko Portalea Aretoan.

Helburua: berradiskidetzako 2.000 eragile trebatzea
-Baketik-ek helburu "erabilgarri, zehatz eta kuantifikagarri" batekin hasi zuen bere ibilbidea, 2008a baino lehen bizikidetasunerako 1.000 eragile trebatzea. Eskainiko dituen ikastaroetan parte hartzen dutenekin, eta hala nahi dutenekin, bizikidetza sare sozial bat eratzea da azken helburua. “Gizartearen aldetik jaso dugun erantzunak gure asmo guztiak gainditu ditu, izan ere, proiektu hau martxan jarri eta hiru hilabetera, 500 pertsonek baino gehiagok egin dute gure ikastaroetakoren bat eta 1.500 pertsonek baino gehiagok eman dute izena. Hori dela eta, gure helburu berria 2008a baino lehen 2.000 berradiskidetze eragile trebatzea izango da".
-Bider Mila proiektua deritzo bizikidetzarako efektu biderkatzailea eragitea baitu helburu. “Gizartearentzat interesgarria den bezala gehiengoak lehen sorospenetaz jakitea, gero eta jende gehiagok bizikidetasunerako trebakuntza orokor bat izatea da proiektu honen xedea”.
-Formazio hori gatazkak etikoki lantzeko ikastaro batzuen bitartez egiten ari da. 6 edo 8 orduko ikastaro hauetakoren batean parte hartzen duenak diploma bat eskuratuko du eta berradiskidetze eragile izateko oinarrizko trebakuntza jasoko du.
• Kurtsoak hiru modulutan banatuta daude:
1.- Gatazka suntsitzaileen prebentzioa
2.- Bitartekaritza
3.- Berradiskidetzea.
 
-Debabarrenan, zehazki, prestakuntza ikastaro hauetan parte hartuko duten 50 boluntario behar dituzte, "gure lan egutegian urtarrila baita Debabarrenaren hilabetea. Horregatik eskualdeko erakunde zein entitateetara eta bertako bizilagunengana jo dugu Arantzazun urtarrilan eskainiko diren ikastaroetara gonbidatzeko asmoarekin".
 
∞ Informazio gehiago nahi izanez gero: www.baketik.org
 
Gatazkak etikoki lantzeko eskola 

1706641940713 "Baketik" Arantzazuko Bake Zentroak Debabarrenako 50 boluntario behar ditu

Baketik Arantzazuko Bake Zentroak iazko urriaren 14an ireki zituen ateak Arantzazun. Inaugurazio ekitaldian UNESCOko zuzendari ohia, Cultura de Paz Fundazioaren Presidentea eta Baketik-eko Aholku Batzordeko kide den Federico Mayor Zaragozak parte hartu zuen.
 
Une horretatik aurrera “gatazkak etikoki lantzeko eskola” den hau martxan jarri zen. Bere lan egitasmoaren barruan, hilero eskualdez eskualde aurkezten joango da eta, beraz, jarduera desberdinei buruzko informazioa eta hauetan parte hartzeko gonbidapena unean uneko eskualdeari zuzenduta egongo da.