Ahotsak

Sallobenteko arto-errotak, ogi falta eta ehotzea

Barren.eus 2018ko uzt. 16a, 11:42

Sallobente-Ermuaran bailaran lau bat arto-errota ezagutu zituen auzoko Orraindi baserrrian jaio zen Juana Txurruka Osorok. Errota horiek garia ehotzeko ez zeudela behar bezala prestatuta gogoan du, eta Mendaroko errotara joaten zirela garia ehotzera. Ogi falta eta garia entregatu beharreko egunak ere ezagutu zituen Juanak, ahotsak.eus-en jasota dauden testigantzetan.

Aldamar, Gelatxo-Errota (Gelasoroerrota), Unastei-Errota (Unastegierrota), eta Ibarreneako arto-errotak ezagutu zituen Juana Txurruka Osorok Sallobente Ermuaran auzoan. Garagartzaerrotan errota egon zela ere akorduan du, berak martxan zegoela ezagutu ez zuen arren. Sallobenteko errota horietako harria ez zegoela garia ehotzeko prestatuta gogoan du. Hori dela-eta, Mendaroko errotara joaten ziren garia ehotzera. Zahia (gariaren azala) eta irina bereizita ekartzen zituzten Mendaron zegoen errotatik. Zahia ganaduari jaten emateko izaten zen.

Idiak zituzten Orraindi baserrian, eta haiekin egiten zituzten labrantza lanak. Artoa eta garia ereiten zuten. Ogi falta eta garia entregatu beharreko sasoiak ezagutu zituen Juanak. Etxean ez zuten ogirik egiten: garia entregatzen zuten, eta trukean ogia jasotzen zuten. Baserri askotan hala egiten zutela dio ahotsak.eus-en jasota dituzten bideo testigantzetan (beherago dituzue). "Lehen ogia zenbat baserritan egingo zan ba? Astoarekin joaten ginen ogi bila". Gero, gerraostean, garia ehotzen hasi ziren etxean eskuzko makina batekin. Irina bahean pasatzen zuten, fin-fin gera zedin. Gauzak nola aldatu diren ikusita, "amorrua" ematen dio irina fin-fin lagatzeko hartu zuten lan guztiak, "gu irina bahean pasatu ezinda, finian jateko eta orain esaten digute integrala dala onena. Zahia eta guzti dela onena! Hainbeste lan egin eta gero".

Gaur egun ia ez da garirik ereiten Euskal Herriko Kantauri isurialdean. Sallobenteko Ibarrenea baserrian, esaterako, orain dela 62 urte erein zuten garia azkenengoz, baina 2012an gari saila erein eta jaso zuten berriro ere, lehengo usadioan.