Sei saski zozkatuko ditu Txankakuak Gabonetako kanpainan

Barren.eus 2023ko abe. 5a, 15:16

Txankakua merkatari elkarteak Eguberrietarako prestatu duen kanpaina aurkeztu du gaur, eta aurten ere olentzerorena egiteko asmoa dute elkarteko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean.

Herriko dendariek ematen duten konfiantza eta hurbiltasuna azpimarratu dituzte Txankakuako ordezkariek gaurko agerraldian, eta gogora ekarri dute merkataritza txikiak herriari bizia ematen diola. "Hau da gure mezua: Elgoibarren bizi, erosi, ... herriak irabazi", azaldu dute. Kanpainari ikusgarritasuna eta Gabon ukitua emateko, Txankakuako denden atarian alfonbra gorria, lorontzia eta argiekin apaindutako zuhaitz txikiak jarriko dituzte.

Gaur hasi dute Gabonetako kanpaina eta abenduan zehar kanpainara batu diren elkarteko 46 merkatarien dendetan erosten dutenen artean hainbat sari zozkatuko dituzte. Era guztietako produktuz osatutako sei saski eta erosketa txeketan 1.800 euro banatuko dituzte. Hona horiek eskuratu ahal izateko xehetasunak:

  • Sei saskien zozketa: Abenduaren 22ra arte bitartean Txankakuaren dendetan erosten dutenek txartel bat jasoko dute beraien izen-abizenak eta telefonoa zehazteko, eta horrekin hartuko dute parte otarren zozketan. Dendetan egongo diren kutxetan lagako dituzte euren datuekin betetako txartelok. Rural Kutxako erakusleihoan egongo dira ikusgai sei saskiak. Horien zozketa abenduaren 21ean egingo dute, eguerdian. Egun berean jakinaraziko diete irabazleei telefonoz sarituak suertatu direla, eta abenduaren 22an emango diete saria, otarra.
  • 1.800 euro erosketa-txeketan: Era berean, erosketa-bonoen zozketarako txartelak ere jasoko dituzte erosketak egiten dituzten bezeroek. Hamar erosketa-bono zozkatuko dituzte, 500 euroko bi eta 100 euroko zortzi. Urtarrilaren 9an egingo dute bonoen zozketa, notario aurrean. Jakinaraziko dute irabazleen berri.


• Txu-txu trena
Horrez gain, iaz moduan, urtarrilaren 3an txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan, 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Txankakuako maskotak ere irtengo dira kalera, eta leialtasun opari txikiak banatuko dituzte.

2023 12 05 txankakua gabonetako kanpaina hasi OTARRAK BARREN