Sektore publikoko beharginak grebara deituta daude abenduaren 19rako

Barren.eus 2023ko abe. 18a, 16:41

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek grebara joko dute bihar, bigarrengoz udazken honetan.

Besteak beste, datorren urterako soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea aldarrikatzen dute deitzaileek: ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek. Beharginen ordezkarientzat, zerbitzu publikoek "okerrera" egin dute azken urteotan, eta horrek "eragin zuzena" izan du herritarrei eskainitako arretan.

Azaldu dutenez, "aurrerapauso txikiak" eman direlako jo dute bigarrengoz grebara, urriaren 25ean egin zuten grebatik 55 egun bakarrik pasa diren arren. Aurrera emandako pauso horien artean bat nabarmendu dute: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu bihurtzeko EAJk eta PSOEk eginiko akordioan jasotako puntu bat. Horren arabera, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmenaren batzorde mistoetan adostuko dira administrazio bateko zein besteko langile publikoen soldata igoerak eta birjartze tasak —horren arabera zehazten da lan eskaintza publikoetan zenbat lanpostu berri atera daitezkeen—.
150.000 beharginek egiten dute lan arlo publikoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala, bihar ohiko zerbitzuak baino murritzagoak aurreikusten dituzte hezkuntza publikoan, osasun etxeetan, udal zerbitzuetan nahiz garraio publikoan.

Sindikatuetatik zehaztu dutenez, ezarritako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, abenduaren 19an egun arrunt batean baino langile gehiagok egingo dute lan sektore batzuetan. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako instituzioei greben jarraipenaren inguruan ematen dituzten datuak ez manipulatzeko eskatu dute sindikatuek. "Datuak ematerakoan, adierazi beharrean greba eskubidea daukaten langileetatik zenbatek egin duten greba, plantilla osoa hartzen da oinarritzat kalkulua egiteko, nahiz eta horren parte haundi bat greba eskubiderik ez izan. Adibidez, Osakidetzako Emergentzietako langileen kasuan, %100eko zerbitzu minimoak ezartzen zaizkie eta datuak ematerakoan, jarraipena %0koa izan dela adierazten da", adierazi dute.