“Gauzak dagokion momentuan hitz egiteak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu, gazteen ikuspegitik”

Ainhoa Andonegi 2024ko mai. 3a, 15:23

Zinema zuzendaritzari lotutako masterra amaitu berri du Bartzelonan, eta gaur egun Pausoka ekoiztetxean dihardu gidoilari lanetan Jone Arriolak (Elgoibar, 1998). 'Larrugorritan' proiektuarekin ezagutu genuen, eta orain 'Dena asmatuta dago' film laburra dauka esku artean. 

Elgoibarren aurkeztu zuen, eta Laburbira zirkuitoari esker, hainbat herritan proiektatu dute dagoeneko filma, tartean Elgoibarren. Oraindik ikusi ez dutenek domeka honetan, maiatzaren 5ean, izango dute aukera, Mendaron. San Agustin kulturgunean izango da, 18:00etan.

'Dena asmatuta dago' film laburraren gidoilari eta zuzendaria zara. Nola sortu zenuen proiektua?
Gidoia 2021ean idatzi nuen, eta ordutik finantziazio bila aritu gara, nahi genuelako film laburra ahalik eta modu duinenean grabatu. Azkenean Eusko Jaurlaritzak, Elgoibarko, Azpeitiko eta Getxoko udalek eta beste hainbat erakundek emandako dirulaguntzei esker sortu ahal izango dugu filma.

Gazteen arteko komunikazioan oinarrituta dago filma. Zer jorratu duzu?
Bai, gazteen arteko komunikazioa eta komunikatzeko modua dauka oinarrian, eta batez ere kontuan hartu dugu egoera deserosoetan komunikatzeko ditugun zailtasunak. Hor jarri genuen fokoa, eta zabaldu nahi izan dugun mezua izan da elkarrizketak daukan garrantzia, nahiz eta egoera erosoa ez izan, etorkizunerako osasungarria izango delako. Bai bikote harremanetan, lagunartean, lanean... gauzak dagokion momentuan hitz egiteak duen
garrantzia nabarmendu dugu lan honetan, gazteen ikuspegitik.

Bi mutilen arteko elkarrizketa deserosoa dauka oinarrian filmak.
Bikote bat da protagonista. Harremana hasi eta sei hilabetera konturatuko dira ez dutela zehaztu zein motatako harremana daukaten. Bikote harreman moduko bat daukate, baina ez diote harremanari izenik jarri.

Elkarrizketa deseroso hori daukaten lekua ere berezia da: komuna.
Bai, biak baineran daude, eta hor hasten dute elkarrizketa. Zer gara? galderari erantzun nahian saiatzen dira argitzen beraien harremana zer den. Une horretan konturatzen dira bietako batek badaukala harremanari izena edo etiketa jartzeko beharra, eta besteak, aldiz, ez. Bi gazte horien arteko gatazkan oinarritzen da filma, eta elkarrizketa gorabeheratsu baten bidez saiatuko dira ondorio batera iristen. Jende askok galdetu izan digu komun hori non dagoen, eta gustatzen zaigu azaltzea komun hori eraikitako eszenatoki bat dela. Bilboko Zine Eskolako plato batean grabatu genuen filma, iaz, bi egunetan. Aktoreak ere geuk aukeratu genituen casting itxi baten bidez. Sei aktoreri deitu genien eta binaka jarri genituen, gauza desberdinak probatzeko. Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti elkarren artean ezagutzen ziren eta hasieratik konektatu zuten oso ondo.
Bata bermeotarra da eta bestea azpeitiarra, eta bakoitzak bere euskalkian hitz egiten du. Badakigu ulertzeko zailagoa dela, leku batzuetan azpitituluekin ematen dute filma, baina euskararen aberastasunari ere lekua egin nahi izan diogu.