Baionan amaitu da 23. Korrika, 2.792 kilometroren ostean

Barren 2024ko mar. 25a, 15:35

Korrikaren 23 ekitaldiko amaierak txiki laga zuen Baiona atzo. AEKko ordezkariek eraman zuten lekukoa azken kilometroan, tartean Alfonso Eugi elgoibartarrak. 

AEKko ordezkariek eraman ohi dute lekukoa txandaka Korrikaren azken kilometroan, Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko bina lagunek, eta Alfonso Eugi Elgoibarko euskaltegiko irakaslea izan zen atzo Gipuzkoako ordezkaria, Aize Otaño Hernanialdeko euskaltegikoarekin batera.

AEKko ordezkariak 23. Korrikaren azken kilometroan, Baionan. 

AEKko ordezkariek lekukoak zeraman mezuaren egileari pasa zioten lekukoa azkenengoz, eta halaxe argitu zen lekukoaren barruko mezuaren idazlea zein izan den: Garazi Arrula Ruiz nafarra, idazlea eta Txalaparta argitaletxeko editorea. 2021eko Euskara ala Ezkara jardunaldian parte hartutakoa da Arrula Elgoibarren. Arrulak AEKren Artezkaritza kide Bixente Claverierekin batera erama zuen lekukoa Askatasuna plazan amaitu den azken kilometroko azken metroetan, eta lekukotik mezua atera ostean denen aurrean irakurri zuen gero. Lekukoak 2.792 kilometro egin ditu, eskuz esku, Euskal Herrian barrena, martxoaren 14tik 24ra.

"Mundu oso bat kabitzen da euskaran"

Garazi Arrulak honakoa azpimarratu zuen bere mezuan: "Korrika dela herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea"; eta herri horrek ez duela euskararekiko "kontingentzia planik" nahi; baizik eta "egiazko trantsizioa". Halaber, Arrulak bere mezuan esaten duenez, “desira transmisiorako bide behinena" izanagatik, ez dugula ahaztu behar "hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa". Euskararen komunitatea zabaltzeko nahia ere aipatu zuen mezuaren egileak: "Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak". Mezua, osorik, hemen, eta beherago.

AEK-ren amaierako hitzaldian Maider Heguy, Iparraldeko AEKren presidenteak eta Bixente Claverie, AEKren Artezkaritza kontseiluko kideak hartu dute hitza eta azaldu dute euskara ez dela "muga" bat, "ate" bat baizik, baina zenbakiek errealitate "gordina" erakusten dutela: "Helduen euskalduntzearen arloak baliabide eskasak ditu oraino eta ikasleentzako doakotasuna oraino lortzekoa dugu lurralde guztian". "Euskara ikasi nahi duenak euskaldunok behar gaitu", gaineratu dute, eta instituzioek ardura handia dutela nabarmendu: "Hizkuntz-politika ausarta eta sendoa behar dugu eta ez brilli brillizko bilgarria: konpromiso gehiago eta baliabide gehiago ditugu behar, eta orain behar ditugu".

Inoizko Korrika "erraldoi eta anbiziotsuena" izan dela esan du AEKk

23. Korrika amaitu biharamunean egin dute balorazioa AEK-ko kideek. Helburuak beteta, harro agertu da AEK. Ez bakarrik Korrikan parte-hartzea "masiboa" izan delako, ekimenaren atzean saretu den komunitatea indartsu dagoelako, ere bai. 

Behin betiko datuak izan gabe ere, AEK-k balorazio positiboa egin du Baionan eginiko agerraldian. Euskal Herriaren luze-zabaleko txoko guztietan Korrikak izan duen babesa nabarmendu dute, eta baita Korrikaren inguruan sortutako mugimenduak euskarari egindako ekarpena ere. 

"Euskararen aldeko kontzientziak astintzea lortu da, herri-gogoa hauspotzea".

AEK-ko ordezkarien berbetan, aurreikuspen onenak gainditu ditu aurtengo edizioak, maila guztietan: parte-hartzea masiboa ez ezik, orain arteko anitzena ere izan da. "Euskararen aldeko kontzientziak astintzea" lortu da, "herri-gogoa hauspotzea".

Harro eta pozik agertu dira, baina festaz harago Korrika ezer bada, aldarrikapena dela argi laga dute: Garazi Arrula idazle nafarrak lekukoaren barruan gordetako mezuaren ildotik, euskarak "egiazko trantsizio" bat behar duela esan dute, ez "kontingentzia-planak", eta komunitate bat osatzeak duen garrantzia nabarmendu dute. "Itzela izan da: argi geratu da hemen badagola komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horren ordez, egiazko trantsizio bat nahi du". 

Erakundeak ere izan dituzte gogoan agerraldian eta "hizkuntza-politika ausartak" eskatu dizkiete, besteak beste, euskararen "ezagutzaren doakotasuna eta unibertsaltasuna" lortzeko. Horrekin batera, ozen esan dute erakundeena bakarrik ez, "norbanakoen eta herri-kolektiboen" laguntza ere ezinbestekoa dela bide honetan. "Asmatu beharko dugu nola bideratu egunotan metatutako indarra, aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko".

Irundik Baionarako bidean 11 egunez bildutako herritarren aniztasunean ere jarri dute azpimarra: "genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz, euskaradunak zein euskaradunak ez direnak, euskararen herriak denak behar dituelako". 

AEK-ren euskaltegiei eusteko diru iturri ezinbestekoa ere bada Korrika, eta oraindik behin betiko datuak eskuartean ez izan arren, aurreikuspen ekonomikoak bete direla uste dute.

Erantsi dutenez, inoizko Korrika ikusiena ere izan da, hein handi batean sare eta hedabideen elkarlanari esker. Audientziei erreparatuta, eguenean pasatu zuten milioi bat ikustaldiko langa, eta hiriburuetan-eta 3.000 pertsona inguru egon dira aldi berean ikusten. "Datuak izugarriak dira". Era berean, pozik agertu dira Azterketak Euskaraz Kolektiboa aurtengo omenduaren aldarria  lau haizetara zabaltzea lortu dutelako.

 

AEK-ko ordezkariak, Korrikaren balorazioa egiteko prentsaurrekoan, Baionan. Arg: AEK