Gaikako bilketa tasaren beheranzko joerari buelta emateko neurriak iragarri ditu Mankomunitateak

Barren 2024ko ots. 13a, 09:04

Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, 2023an ere jaitsi egin da hondakinen gaikako bilketaren tasa eskualdean. “Jaitsiera leuna” izan arren, 2020tik urtero jaisten segitzen du gaika batzen den hondakin kopuruak eta tendentzia horri buelta eman nahi dio mankomunitateak. Horretarako, hainbat neurri hartuko ditu datozen hilabeteotan. Besteak beste, iragarri dute aurrera jarraitzen duela edukiontzi marroiak ixteko prozesuak.

Ostiralean, Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariek 2023ko gaikako bilketaren datuen balantzea eta 2024rako erronka nagusiak aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten. Bertan izan ziren Igor Aldalur Ingurumen teknikaria, eta Jokin Alberdi Zerbitzu teknikaria. 

Irakurketa orokorra da 2023an jaitsi egin dela gaikako bilketa tasa, %54,68tik %53,89ra (%0,79) eta 2020tik ematen ari dela beheranzko tendentzia hori, nahiz eta “jaitsiera leuna” izan. 

Mankomunitateak aurkeztutako txostenaren arabera, sortutako hondakin kopurua 30.700 tonatan mantendu den arren (421 kg biztanleko), 200 tona gutxiago jaso dira 2022arekin alderatuta: beira jaitsi da nabarmen (130 tona gutxiago), baita plastiko gogorra, txatarra, gurpilak eta aparailu elektrikoak ere. Bestalde, igo egin diren bilketen artean daude hondakin organikoak (+100 tona), kafe kapsulak (ia bikoitza, +7.000 kg, edukiontzi espezifikoak jarri ondoren) eta hondakin arriskutsuak (+%15).

Mankomunitateko Ingurumen teknikari Igor Aldalurrek azpimarratu zuen moduan, besteak beste, ez da lortzen batzen den errefus kopurua gutxitzea. Zentzu horretan, esan zuen “errefusean dauden hondakinen %70 gaika batzeko modukoa” dela eta “errefusera botatzen denaren %95a erre egingo” dela eta ez dela “material berririk aterako”. Halaber, Aldalurrek gogora ekarri zuen gaika zenbat eta gutxiago batu, orduan eta gehiago gastatu behar duela mankomunitateak.

Eskualdeko herri bakoitza aztertuta, berriz, gaikako bilketa tasa baxuena izan du Ermuak (%45,56), Soraluzerekin batera (%49,13). Mallabiak, aldiz, altuena izan du (%66,49); atzetik, Mutriku (%62,12). Hala ere, 2022ko txostenarekin alderatuta jaitsi egin da bi herrietan: %1,48 Ermuan, %2,04 Mallabian (iaz %68,53 izan zuen, inoizko tasarik altuena Debabarrenean). 

Datuak esku artean, 2024rako erronka nagusiak aurkeztu zituzten mankomunitateko teknikariek. Helburua da gaikako bilketaren jaisteko tendentzia gelditu eta gorakako bidean jarri. Are gehiago kontuan hartuta legearen arabera 2030erako gaikako bilketa tasa %60koa izan behar dela. 

Hori horrela, 2024rako aurreikusitako neurrien artean, azken bi urteotan lantzen ari diren Gaikako Bilketa Hobetzeko Planarekin segituz, batetik, gogora ekarri zuten edukiontzi marroiak itxi egingo dituztela. Ildo horretan, jakinarazi zuten aurrera doala itxiera gauzatzeko prozesua. 

Bestetik, iragarri zuten hondakin frakzio berriak gaika biltzen hasiko direla, batik bat, ostalaritzarekin eta komertzioekin lotutakoak. Adibidez, arrandegietako sandach hondakinendako hozkailua jarriko dute Eibarko garbigunean eta komertzioei eta ostalaritzari zuzendutako bilketa zerbitzuaren eraginkortasuna handitu egin nahi dute, haien ordutegietara hobeto egokituta. Halaber, film industriala batzen segituko dute Eibarko garbigunean, eta industria-guneetan, berriz, sortzearen araberako ordainketa sistema aplikatuko dute, hau da, errefus gehiago sortzen duen enpresak gehiago ordaindu beharko du. 

Azkenik, 2024an hartuko dituzten bestelako neurrien artean, sentsibilizazio kanpainak, herritarrei zuzeneko galdetegiak egitea zein digitalizazio prozesuak ere aipatu zituzten. 

  • Urteko datu guztiak batzen dituen txosten grafikoa hemen: 2023ko TXOSTENA